Mercabilbaok 8.889.779 tona merkaturatu ditu lanean eman dituen 40 urteetan

Actualizado: martes, 8 noviembre 2011 12:53

BILBO, 8 Nov. (EUROPA PRESS) -

Mercabilbao Bilboko Handizkakoen Merkatu Nagusietako Sozietatea 40. urtemuga ospatzen ari da, 1971ko maiatzaren 3an jarri baitzen martxan, gaur egun dagoen leku berean, Artunduagako zelaietan, Basaurin. Lau hamarkadotan, handizkako merkatuak 8.889.778 tona merkaturatu ditu, eta horietatik 7.489.273 tona fruta eta barazki sektoreari dagozkio. Horren ostean, arrain eta itsaskien sektorea dago, 1.192.343 tona baititu, eta balioanitzekoa, guztira 208.162 tonarekin.

Bere arduradunek Bilbon eskainitako prentsaurrekoan azaldu dutenez, lau hamarkadotan merkaturatu diren tonen bilakaera desberdina izan da sektoreen arabera. 1971tik 1980ra bitartean, fruta eta barazkietan 1.547.099 tona merkaturatu ziren, eta arrain eta itsaskietan, berriz, 234.879 tona. Balioanitzeko sektoreak 1975ean ekin zion merkaturatzeari, eta 1980 arte 19.515 tona egin zituen.

1980tik 1990era, fruta eta barazki sektoreak 1.999.092 tona merkaturatu zituen, arrain eta itsaski sektoreak 266.626 tona eta, azkenik, balioanitzekoak, 45.119 tona. 1980tik 1990era, fruta eta barazki sektoreak 2.165.549 tona egin zituen, arrain eta itsaski sektoreak 368.001 tona, eta balioanitzekoak 105.235 tona. Azken hamarkadan, 2000tik 2010era, fruta eta barazkiei dagokienez, 1.968.318 tona merkaturatu dira, arrainetan 322.837 tona, eta balioanitzekoari dagokionez, 70.390 tona.

Mercabilbaok, bere historiaren 40 urteotan, zerbitzuak eta baliabideak hobetzearen eta optimizatzearen aldeko apustua egin du. Inauguratu eta urtebetera, 1972an, Fruta eta Barazkien Hozkailu nagusia eraikitzen amaitu zuten; milioi eta erdi tonako edukiera du, eta, hala, garai hartako handizkariek hotzean biltegiratzeko zuten premia ondo betetzen zuen.

Gaur egun, ostera, hotzean biltegiratzeko premiak handiagoak dira, handizkariak euren postuak egokituz joan dira eta askok postua hozkailu bihurtu dute; horrek salgaiak saltzen errazten die eta garraiatzeko denbora gutxiago behar dute. Hala ere, hozkailuak %100ean dihardu lanean, eta Mercabilbaok instalazioa goitik behera birmoldatzeari ekin dio. Hozte-sistemako ekipamendu zaharkituak ordezkatu ditu, hozte-gas moduan amoniakoa erabiltzen dutenak kendu eta energia-eraginkortasun handiko sistemak jarri dira.

1975ean, lanak amaitu eta gero Hegoaldeko Saihesbideak bidea eman zion Elikagai Unitateari sarbide egokiak izateko, eta gaur egungo sarrera nagusia orduan zabaldu zen. Urte hartako abenduan, Balioanitzeko Pabilioia inauguratu zen, eta haragikien, esnekien, produktu izoztuen, garbiketaren eta 'cash and carry' delakoaren 20 handizkari hartu zituen. Handik urte bira, 1977an, platanoak heltzeko eta saltzeko pabilioia martxan jarri zen.

Ibaizabaletik hurbil dagoenez, Mercabilbaoko instalazioek ere 1975eko eta 1983ko uholde-uren eraginak jasan zituzten. Haien ondorioz, ibaiaren urei eusteko neurriak indartu ziren eta beste Pabilioi bat eraiki zen Bizkaiko Produktoreentzat; urak eraman zuena ordeztu zuen eta nekazari gehiagori lekua eman zien.

ZIURTAGIRIAK

2001ean, Mercabilbaok ISO-9001-2000 Kalitatea Kudeatzeko Sistemaren Ziurtagiria lortu zuen, eta handik urte bira, ISO 14001 Ingurumena Kudeatzeko Sistemaren Ziurtagiria.

2002an, berriz, Mercabilbaok egitura hobetu zuen eta solairu biko aparkalekua eraiki zuen, 3.600 metro koadroko azalerarekin. Lurpeko solairuan 180 ibilgailu arinentzako lekua dago, eta goiko solairuan 40 trailer-kamioirentzat, horietatik 11 aparkalekuk konexio elektrikoa dute, kamioietako hotz-ganberek funtzionatu dezaten, tenperatura egokia gorderik. Urte hartan bertan ere, 2.100 metro koadroko merkataritza-nabe bat eraiki zen, hau da, frutak eta barazkiak banatzeko plataforma bat.

2008an, "Itsasotik platerera" arrainen zentzumen-tailerra abian jarri zen. Helburua da umeen artean arraina jan dezaten sustatzea. 2009an Fruta Tailer bat zabaldu zen, Slow Food Bilbao Bizkaia elkartearekin sinatutako itun baten ondorioz.

1990eko hamarkadako azken urteetan, fruta eta barazkien enpresariek arduraz ikusten zuten ontziek zekartzaten galerak, katearen begi guztietan galdu egiten zirelako. Hori dela-eta, ontzi horien guztien ardura hartzeko kudeatzaile bat hartu zen. Horrela jaio zen Ibarreta 2000, ontziak hiru erreferentziatan bakarrik banatu ziren: hiru eratako kutxak eta Mercabilbao markapean. MB ontziak duen generoa bermatze aldera, osasun-parametroak betetzen ditu.

2009an, berriz, kutxak garbitzeko trena martxan jarri zen, errotazio bakoitzean ontzia higienizatzen dela bermatzen duena. Urte berean, Mercabilbaori 2009 Iraunkortasun saria eman zion Merkatu Handizkakoen Munduko Batasunak (WUWM), berriro erabiltzeko ontzien kudeaketagatik.

ZILARREZKO ERRATZA

2010ean, Zilarrezko Erratza jaso zuen lehengo handizkako azoka izan zen Mercabilbao, garbiketaren eta hondarren kudeaketagatik eta Elikagai Unitate osoaren higiene-mailagatik, Zilarrezko, Urrezko eta Platinozko Erratzen hamabigarren lehiaketan, Madrilen, TEM-TEMCA 2010 Hirigintza eta Ingurumenaren Nazioarteko Azokako jardueren barruan.

2010eko ekainean, DYArekin lanean hasi zen Mercabilbao, eta prebentzio-kanpainak abian jarri zuen, Elikagai Unitateko langileen osasuna kontrolatze aldera. Urte bereko abenduan, Bizkaiko Elikagaien Bankuak Mercabilbaori saria eman zion elikagaiak ematen egiten duen lankidetzagatik.

Urte berean "Garbitren" martxan jarri zen, hondakinak gaika biltzen dira, postuz postu, eta fruten eta barazkien handizkarien lankidetza apartarekin, harrezkero composta egiteko hondakinak gero eta gehiago baloratzen dira.

Jarduerari dagokionez, Mercabilbaok era aktiboan parte hartzen du Euskadiko Elikagaien Klusterrean, kidea baita, eta, era berean, besteak beste, Merkatuen Munduko Batasuneko, Arrainen Handizkarien Elkarte Nazionaleko (ANMAPE) eta Euskadiko Nekazari-elikagaien Kooperatiben Federazioko biltzarretan eta hitzaldietan parte hartzen du.

Beste arlo batzuetan ere irabazi asmorik gabeko hainbat erakunderekin lankidetzak ditu, elikagaien bidez bizi-kalitatea hobetzen laguntzen dutenak: aipatutako Bizkaiko Elikagaien Bankua, 5 egunero Fundazioa, Minbiziaren Aurkako Elkartea, Slow Food, Deustu Arraun Taldea, Basauriko Eskubaloi Taldea, Munduko Landa Foroa eta bertoko hainbat erakunde.

2011ko apirilean, Bilboko Udalak eta EN Mercasak hitzarmena sinatu zuten handizkako merkatuen zerbitzua ematen jarraitu eta bermatzeko, Mercabilbao S.A.-ren bidez. Hitzarmen horren ondorioz, Mercabilbao S.A.-k mugagabe zerbitzua ematen jarraituko du, eta, beraz, Elikagai Unitateko enpresek etorkizunaren bermea dute.