Mercadonak 543 milioi euro irabazi zituen joan den urtean

Juan Roig, Mercadonako 2014ko emaitzak aurkezten
Foto: Europa Press
Actualizado: jueves, 5 marzo 2015 14:59

BILBO, 5 (EUROPA PRESS)

   Mercadonak %2 gehitu zuen bere fakturazioa 2014. urtean, 20.161 milioi eurora iritsiz, eta urtearen itxieran, konpainiaren irabazi garbia -salmenten zenbatekoaren %2,9- 543 milioi euro izan zen, hau da, 2013an baino %5 gehiago.

   Salmenten bolumenak ere gora egin zuen iaz, %3, eta 10.103 milioi kilo eta litrora (kilitrora) iritsi zen, erosketak Mercadonaren supermerkatuetan egiten dituzten 4,9 milioi familiei baino gehiagori esker.

   Halaber, 655 milioi eurotik gorako inbertsioa egin zuen, konpainiaren "errekorra". Diru horrekin, 30 supermerkatu berritu eta 60 supermerkatu berri ireki zituen, eta horrela, 1.521 supermerkatuko sarea dauka gaur egun.

   Beste inbertsio esanguratsuei dagokienez, alde batetik, Abrerako Bloke Logistikoa eraiki da Bartzelonan, eta funtzionatzen ari da, lehen fasean, eta bestetik, Datuak Prozesatzeko Zentro berria garatu eta martxan jarri da, ia 120 milioi euroko inbertsioa eginda; proiektu horrek bide emango du konpainiaren transformazio digitalerako.

   Era berean, konpainiak Estatuari egin zion zerga ekarpena 1.484 milioi eurokoa izan zen 2014an. Guztizko horretatik, 639 milioi euro Gizarte Segurantzari dagozkio, 236 milioi sozietateen gaineko zergari, 533 milioi BEZaren eta PFEZaren bilketari eta 76 milioi beste zerga eta tasa batzuei.

   Bestalde, zenbait ekimenen bidez, "Orga Menua" delakoaren prezioak %2 jaistea erdietsi zuen Mercadonak 2014an. Juan Roig konpainiako presidenteak prentsaurrekoan adierazi duenez, "gure nagusientzat enpresa gisa dugun konpromisoa da kalitate goreneko produktuz osatutako 'Orga Menua' preziorik onenean eskaintzea, eta horregatik, gure batez besteko salmenta prezioa 2012ko mailan dago".

   Helburu hori, "bezeroei Mercadonan erosketa guztiak hileko kosturik txikienarekin egiteko aukera eskaintzeko konpromisoarekin" lotu du konpainiako presidenteak.

IRABAZIAK PARTEKATU

   Mercadonaren printzipioetako batek dio "arrakastak, partekatuz gero, zapore hobea" duela, eta, hori dela eta, 2014an, beste behin, bere kideekin partekatu zuen lortutako irabazi guztia.

   Zehazki, %25 langileen artean banatu zuen (263 milioi euro, helburukako primaren kontzeptuan); beste %25, gizartearekin (236 milioi euro, sozietateen gaineko zergaren kontzeptuan); %40 inbertitu egin zuen berriro (446 milioi euro, konpainiaren beraren baliabideak handitzeko); eta gainerako % 10a akziodunen artean banatu zuen, dibidenduen bidez.

   Halaber, urtea bukatzean, Mercadonako supermerkatu guztiek zituzten labe sail berria eta inguruko fruta eta barazkien saila, eta produktu fresko sortaren kudeaketa berriari esker, tokiko ekonomiak indartu eta inguruko produktuak bultzatu ahal izan dira. Produktu horiek harrera ona izan dute bezeroen artean, eta "kalitatearen eta hurbiltasunaren aldeko apustu hori" lagungarri gertatu da Mercadonak %5 produktu fresko gehiago sal ditzan.

   Konpainiak lankidetza estuan dihardu 6.000 nekazari, 4.000 abeltzain eta 12.000 arrantzalerekin baino gehiagorekin, eta horrek "hazkunde iraunkor eta sendoa" ekarri behar duela adierazi du. Horretarako, harremanaren oinarri gisa, "ezinbestekoa da bata bestearen prozesuak ezagutzea".

   Bestalde, enpresa ekimena bultzatzeko asmoz, besteak beste, 'Hacendado', 'Bosque Verde', 'Deliplus' eta 'Compy' marketako produktuak fabrikatzen dituzten bitarteko hornitzaileek ia 500 milioi euro inbertitu zituzten 2014an, fabrika eta ekoizpen lerro berriak irekitzeko nagusiki. Urtearen itxieran, guztira, 43.000 langileko lantaldea osatzen zuten.

   Inbertsio plan iraunkor horren ondorioz, Mercadonak eta haren 120 bitarteko hornitzaileek, gaur egun, 220 fabrika baino gehiago dituzte Espainiako Estatuan, "Europako nekazaritzarako elikagaien klusterrik dinamiko eta berritzaileenetako bat osatuz".

2015EKO KONPROMISOAK

   2015erako, 650 milioi euroko inbertsioa egitea aurreikusi du Mercadonak. Nagusiki, 60 denda berri irekitzeko, 30 supermerkatu berritzeko, Abrerako bloke logistikoa eraikitzen jarraitzeko eta Gasteizko bloke logistiko berria egiten hasteko erabiliko du diru hori.

   Juan Roigek nabarmendu duenez, "Mercadonako presidente gisa, ohorea da niretzat Mercadonaren Nekazaritzarako Elikagaien Kate Jasangarria osatzen duten 74.000 langileren, 120 bitarteko hornitzaileren, hornitzaileen eta lehen sektorearen konpromisoa izatea".

   "Haien ahaleginaren ondorio dira, zalantzarik gabe, konpainiak gaur aurkeztu dituen emaitza bikainak, eta ahalegin horrek berak eman behar digu aukera enpresa proiektu bateratua garatzen etengabe jarraitzeko", gaineratu du.