Merkataritza Ganberen Legea prestatzeko "lehen pausoa" egin du Jaurlaritzak

Actualizado: martes, 26 mayo 2015 14:41

GASTEIZ, 26 (EUROPA PRESS)

   Eusko Jaurlaritzako Gobernu Kontseiluak Merkataritzako, Industriako, Zerbitzuetako eta Nabigazioko Ganbera ofizialetako eta haien gobernu organoetako hauteskunde prozedura arautzeko dekretua onartu du astearte honetan. Euskadiko Merkataritza Ganberen Legea emateko "lehen pausoa" da hori, Josu Erkoreka Jaurlaritzako bozeramaileak adierazi duenez.

   Horrela, Jaurlaritzaren arabera, Euskadik bere berezko antolaketa garatuko du, merkataritza erakunde horietako talde desberdinek osoko bilkuran duten parte hartzea zehazteko. Hala, ordezkaritza irizpideak eta enpresetako ordezkariak hautatzeko moduak zehaztuko dira, bai eta enpresa erakundeek proposatutako sona handiko pertsonak hautatzekoak eta, azkenik, borondatezko ekarpen handienekoak.

   Gaur egun, 131.000 enpresak parte hartzen du Euskadiko merkataritza ganberetan. Erakunde horiek ordezkaritza handieneko enpresa instituzioak dira, lurralde historiko guztietako enpresa guztiek hartzen baitute parte bertan. Ganberetako gobernu organoetan, oro har, 130etik gora enpresek hartzen dute parte, Eusko Jaurlaritzaren administrazioko babespean.

   Jaurlaritzak berezko arauak ezarri nahi ditu bere eskumenpean geratzen diren alor guztietan, ahal den heinean, "Euskadiko errealitate ekonomikoaren egiazko premietara egokitzeko araudia".

   Horrenbestez, Bilboko eta Gipuzkoako Merkataritza, Industria, Zerbitzu eta Nabigazioko Ganbera Ofizialen eta Arabako Merkataritza, Industria eta Zerbitzu Ganbera Ofizialaren gobernu organoen osaera eta hauteskunde araubidea zehaztuko da.

   Horrez gain, dekretu berriak Laneko Mahai bat eratzea aurreikusten du, beste xederen artean, Euskadiko Ganberen Legea izango dena egiteko prozesua abiarazteko datorren irailetik aurrera.

   Gaur onartutako araudia lau kapitulutan egituratzen da. Lehenengoak ganberetako gobernu organoak arautzen ditu, hain zuzen, Osoko Bilkura, Batzorde Betearazlea eta Presidentzia. Bigarren kapituluan, honako hauek arautzeko jarraitu beharreko prozesuari heltzen zaio: hautesle errolda, hauteskunde eskubidea, hauteskunde deialdiak eta errolda erakusteak, hauteskunde batzordeak, hautagaien aurkezpena eta izendapena, baita botazioetarako prozedura, eledunen izendapena eta prozesuaren amaiera ere.

   Hirugarren kapituluan, Osoko Bilkuraren eraketa eta Presidentearen eta Batzorde Betearazlearen aukeraketa arautzen dira, eta laugarren kapituluak adierazten du nola beteko diren Osoko Bilkuran sor litezkeen hutsuneak.