Merkataritzak %1,8 egin du gora EAEn 2017ko lehen hiruhilekoan

Mekanikari bat auto bat konpontzen
NORAUTO
Actualizado: viernes, 19 mayo 2017 10:42

BILBO, 19 (EUROPA PRESS)

Merkataritza sektorea %1,8 gehitu da 2017ko lehen hiruhilekoan Euskal Autonomia Erkidegoan (EAE), aurreko urteko hiruhileko beraren aldean. Merkataritza sektoreak handizkakoa, txikizkakoa eta ibilgailuen salmenta eta konponketa hartzen ditu bere baitan. Gainerako zerbitzuak ere %1,8 gehitu ziren aurreko urteko hiruhileko beraren aldean, termino finkoetan. Aurreko hiruhilekoaren aldean, berriz, merkataritza %0,7 igo zen, eta gainerako zerbitzuak %0,6, urtaroen eraginak kenduta, prezio finkoetan, Eustaten datuen arabera.

Merkataritzaren baitan urte arteko tasa positiboa izan da handizkako merkataritzan (%2,8) eta motordun ibilgailuen salmenta eta konponketan (%0,2). Aitzitik, txikizkako merkataritzan urte arteko tasa negatiboa izan da: -%0,4.

Beste zerbitzuetan, euro finkoetan, ostalaritzaren salmenta indizea %6,8 gehitu da, garraio eta biltegiratzearena %2,3 eta informazio eta komunikazioena %1,0. Aitzitik, jarduera profesionalak, zientifikoak eta teknikoak adarrak %1,0 gutxitu dira, eta jarduera administratiboak eta zerbitzu lagungarriak %1,6.

Herrialdeka, Araban merkataritza %3,1 gehitu da, eta gainerako zerbitzuak %1,9. Bizkaian %1,7 igo da merkataritzaren jarduera, eta %2,4 gainerako zerbitzuena, eta Gipuzkoan %1,3ko eta %0,7ko hazkundeak izan dira, hurrenez hurren, 2016ko lehen hiruhilekoaren aldean eta prezioen
eraginik gabe.

Azkenik, EAEko langile okupatuak %1,1 gehitu ziren merkataritzan eta %1,3 gainerako zerbitzuetan, urte artean. 2016ko laugarren hiruhilekoaren aldean, berriz, indizea %0,2 gehitu zen merkataritzan eta ez zen aldtu gainerako zerbitzuetan (%0,0), urtaro eraginik gabe.