Mesedeetako Zubitik hurbilen dagoen Erriberako Merkatuko hegala birgaitzeko obrak hasi ditu Bilboko Udalak

Erriberako Merkatua berritzeko lanek aurrea darraite
EP
Actualizado: miércoles, 27 abril 2011 18:15

BILBO, 27 Abr. (EUROPA PRESS) -

Bilboko Udalak Erriberako Merkatua berritzen jarraitzen du, eta Mesedeetako Zubitik hurbilen dagoen hegala bere osotasunean birgaitzeko beharrezko obrak hasi ditu dagoeneko. Pedro Ispizuak diseinatutako eraikinaren erabateko hobekuntza-lanen laugarren fasea da orain hasi dena.

Horrela, obren atal honetan, egokitzeko gelditzen ziren merkatuaren hiru dorreak egonkortuko dira, eta 1983ko uholdeen ondoren birmoldatu zen merkatuaren erdialde horretako absidea sendotzeko lanak ere gauzatuko dira. Bestetik, hegal horretako berreskura ezin daitezkeen elementuak ordezkatzeko lanak egingo dira.

Bilboko Udaleko Obra eta Zerbitzuen Sailak obra horiek gauzatzen hiru hilabete irautea aurreikusi du gutxi gorabehera, eta beraz, abuzturako fase hori amaituta egotea kalkulatzen da eta, segidan, bosgarren faseari ekitea, hegal horren gainerako egituraren berreraikuntza barnebiltzen duenari, alegia.

Merkatua kokatzen den zonaldearen berezitasuna dela bide, Obra eta Zerbitzuen Sailak gauzatuko diren jarduera guztietan segurtasuna muturreraino eramango du eta afekzioak ahalik eta gehien murriztuko ditu bizilagunei, merkatariei eta zonaldeko trafikoari eragozpenik ez sortzeko.

Halaber, lanek dirauten bitartean, San Anton zubitik hurbilen dagoen hegalean kokatutako 59 saltokien jarduerak normaltasunez jarraituko du.