Metro Bilbaok bost euroko billete berriekin ordaintzeko bi makina egokitu ditu geltoki bakoitzean

Bost euroko billete berria
Foto: BCE
Europa Press País Vasco
Actualizado: jueves, 16 mayo 2013 16:47

BILBO, 16 (EUROPA PRESS)

   Metro Bilbaok bi makina egokitu ditu geltoki bakoitzean bost euroko billete berriekin ordaindu ahal izateko, billete berriak atera zirenetik 14 egun igaro direnean, konpainiak prentsa ohar bidez jakinarazi duenez.

   Maiatzaren 2an atera ziren bost euroko billete berriak. Kolorea apur bat aldatu da eta diseinu berria daukate. Segurtasun elementu berriak dituzte, kopia faltsuak egitea zailagoa izateko. Hori dela eta, salmentarako makina automatikoetako billeteetarako softwarea eguneratu beharra izan da, makinek billete horiek onartzeko.

   Metro Bilbao lanean aritu da egoera hori ahalik eta arinen konpontzeko eta bezeroek geltokietan billete horiekin ordaindu ahal izateko, eta, azken egunotan egindako proba eta saiakera batzuen ondoren, metroa ustiatzen duen enpresak lortu du geltoki guztietan gutxienez bi makina (ate bakoitzeko bat) diseinu hori onartzeko gai izatea eta, horrekin, Barik txartelak erosi edota hornitzeko aukera egotea.

   Datozen asteetan salmenta automatikoko gainerako makinak eguneratzeko lanean jarraituko du konpainiak, apurka-apurka billete formatu berri horrekin ordaintzeko aukera errazteko.

Contenido patrocinado