Mike Farris, Burning eta Ruper Ordorika, MAZ Basauri jaialdian

Mike Farris
Foto: MAZ BASAURI
Actualizado: jueves, 12 marzo 2015 12:46

BILBO, 12 (EUROPA PRESS)

   MAZ Basauri 2015 jaialdiak egitaraua itxi du jada, eta, besteak beste, Mike Farris, Burning, Ruper Ordorika, Audience, Julián Maeso eta The Excitements udalerri bizkaitarreko Social Antzokitik pasatuko dira jaialdiaren laugarren edizioan.

   Optigan1, Igu Allnighter, Eduardo Ranedo eta Alberto Birdman dj-ak, eta Tulsa, Señores, Los Brazos eta Highlights taldeak ere arituko dira jaialdian, eta aurten ere, Txiki MAZ jaialdiaren umeentzako egitaraua antolatu da, Munlet taldearen kontzertu batekin eta rockaren historiaren errepasoa egingo duen "R'n'R High School" ikuskizunarekin.

   MAZ Basauri Basauriko Udalak eta Social Antzokiak sustatutako jaialdia da. Aurreko hiru edizioetan guztira 8.500 pertsona bildu zituen, antzokiko sarrerak behin baino gehiagotan agortuta, antolatzaileek adierazi dutenez.

   Laugarren edizio honetan ere, MAZ Basaurik prezio merkeen aldeko apustua egin du, bai Social Antzokiko kontzertuen sarreretan, bai eta antzokiko edarien salneurrian ere. Sarrerak martxoaren 16an jarriko dira salgai, eguerdiko 12:00etan: Social Antzokiko maiatzeko hiru emanaldietarako (maiatzak 16, 23, 29) ehun bono jarriko dira salgai 25 euro gehi banaketa gastuen salneurriaz (ehun bonoak agortu arte), eta egun bakoitzeko sarrerak ere egun horretan jarriko dira salgai.

   Egitarauari dagokionez, maiatzaren 16an, arratsaldeko 19:00etan, Los Brazos eta Highlights talde bizkaitarrek doako kontzertua emango dute (aurrerago zehaztuko da kokapena), eta gauez, Social Antzokian, Burning rock and roll talde madrildar ospetsuak joko du, gonbidatutako taldea The Excitements bartzelonarrak dela. Gaua ixteko, Eduardo Ranedo eta Alberto Birdman egongo dira musika jartzen.

   Maiatzaren 23an, larunbatean, jardunaldia eguerdian hasiko da, Txiki MAZ umeentzako programazioarekin. Gurasoek eta seme-alabek eurentzat propio moldatutako doako ekitaldiaz gozatu ahal izango dute. Munlet electro-punk bikote gipuzkoarrak emango du kontzertu nagusia, eta "R'n'R High School" ikuskizunean, ordea, rockaren historiari errepasoa egingo zaio abesti arrakastatsuenen, dantza mota ezberdinen eta hainbat bitxikeriaren bitartez.

   Beranduago, arratsaldeko 19:00etan, doako kontzertua emango dute Basauriko kaleetan Señores eta Tulsa talde bizkaitarrek, eta ondoren, Social Antzokian, Audience gernikarrek hasiko dute Ruper Ordorika oñatiarra protagonista izango duen gaua. Bukatzeko, Optigan1 arituko da musika jartzen.

MIKE FARRIS

   Maiatzaren 29an, Mike Farris musikari estatubatuarra rock eta soul klasikoak abestuko ditu Social Antzokian, emanaldirako propio bildutako euskal talde batek lagunduta, Álvaro Segovia (gitarra), Jokin Salaberria (baxua), Natxo Beltrán (bateria) eta Alex Blascok (teklatuak) osaturiko taldeak lagunduta, alegia. Duela gutxi gospel sustraidun Disko Onenari Grammy saria irabazi du Mike Farrisek, "Shine For All The People" lanagatik.

   MAZ Basauriren azken jardunaldia Julián Maeso eta bere taldearekin hasiko da. The Sunday Drivers taldeko kide ohiak "One Way Ticket To Saturn" aurkeztuko du, eta gaua Igu Allnighter DJarekin bukatuko dugu.

   Azkenik antolakuntzak gogorarazi du MAZ Basauri 2015en aurkezten festa martxoaren 27an izango dela Social Antzokian, Los Coronas, Freedonia eta The Weapons taldeekin eta Dino Velvet Pinchadiscos musika jartzailearekin.