Mikel Arrazolaren argazkiak, Gasteizko Ataria naturaren interpretazio zentroan

Erakusketan ikusgai dauden argazkietako batzuk
IREKIA
Actualizado: miércoles, 3 febrero 2016 13:56

GASTEIZ, 3  (EUROPA PRESS)

   Mikel Arrazola argazkilariaren erakusketa bat eskainiko du asteazken honetatik martxoaren 7ra bitartean Gasteizko Salburuko hezegunean kokatuta dagoen Ataria naturaren interpretazio zentroak. Urtaro ezberdinetan Arabako hiriburuko erdigunetik oso gertu hartutako miruen, orkatzen, eperren, sai zurien, zikoinen eta zapelatz arrunten irudiz osatuta dago erakusketa.

   "Ez da ohiko argazki erakusketa bat, hiriaren inguruan hartutako argazkien siluetak direlako. Argazkiak moztuta eta kokaleku naturala simulatzen duen modu batean jarrita daude, lurrean, airean edo beste elementu batzuen atzean erdiezkutatuta, formatu handiko paletak eta kartoi birziklatuak euskarri gisa erabilita", zehaztu du Mikel Arrazolak.

   Erakusketa martxoaren 7ra arte egongo da zabalik eta asteazken honetan aurkeztu dute Eusko Jaurlaritzako Ingurumen eta Lurralde Politikako sailburu Ana Oregik, Gasteizko alkateorde Borja Belandiak eta Arabako Aldundiko Ingurumeneko diputatu Amaia Barredok.

   Erakusketaren sarreran, "Biodibertsitatea, zure etxetik kilometro batera" goiburua duen argazki handi bat eta ibilbideak seinaleztatzeko zutabe bat agertzen dira. Zutabea kartoi gogorrez eginda dago eta gezi bakoitzean erakusketa beste zein lekutan egingo den adierazten du: Urdaibaiko Madariaga dorretxean eta Plaiaundin, Bidasoako Txingudi Ekoetxean, eta geroago, Arabako naturaren interpretazio zentroetan.

   Gasteizko Gardelegi eremuaren inguruko argazkiak ateratzeko "Hide" batetik atera dira 35 argazkiak. Hegaztien irudiak dira, baina orkatzak, basurdeak eta bestelakoak ere agertzen dira. "Irudiak ikusgarriak eta kalitate onekoak dira. Etxetik uste baino gertuago dauzkagun espezieen aberastasunak harridura sortuko du: miru gorria, miru beltza, sai zuriak -30 baino gehiago, Euskadiko kolonia ugarienetako bat-, orkatzak, basurdeak, kukuak, zapelatza, lepitzulia, zilar koloreko kaioak, zikoina zuriak, beleak, erroiak eta abar", azaldu du argazkilariak.

ABARASKA PAPERA

   Prentsak eta hezkuntzaren eta zientziaren arloan lan egiten duten kolektiboek libreki erabili ahal izango dituzte argazkiak, jpg euskarri originalean, egilea aipatuz gero. Erakusketara egokitzeko, Arabako Estudios Uriarte S.L. enpresak, ingurumenarekin lotutako lanetan espezializatuak, 140 gr/m2 Kraft Liner abaraska papera erabili du irudiak inprimatzeko. Paper hori, bizitza baliagarria bukatutakoan, birziklatze ziklora itzuliko da.

   Gauza bera gertatzen da 450 gr/m2 estalgarriekin. Barrutik hainbat birziklatze prozesuren bidez egindako paper gris batez osatuta daude, eta bizitza baliagarria bukatutakoan, berriz hasiko dute zikloa.

   Itsasgarri gisa zurgin kola deiturikoa erabili da, %50ean polibinil azetatoz eta eta beste hainbeste urez osatua. Lehortzen denean, osotasunaren parte bihurtzen da, paperen zuntzen artetik sartuta eta ohiko birziklatze-prozesuetan arazorik gabe barneratzen da. Piezetako batzuei eusteko egurrezko paletak erabiltzen dira, 1,2 x 0,8 metrokoak, homologatuak eta birziklatuak.