Mikel Markez-Pako Aristik eta Ainara Gorostitzuk irabazi dute Tene Saria

Sariaren irabazleak: Aristi, Gorostitzu eta Markez
ELKAR
Actualizado: jueves, 10 febrero 2011 13:52

DONOSTIA, 10 Feb. (EUROPA PRESS) -

Mikel Markezek eta Pako Aristik elkarrekin aurkezturiko "Benito, plazer bat izan duk" eta Ainara Gorostitzuren "EtorkiZUnak" dira Debako Udalak eta Elkar argitaletxeak antolatzen duten Tene Sariaren proiektu irabazleak, sariaren arduradunek Donostian gaur jakinarazi dutenez.

2010eko deialdian aurkezturiko lanen kalitatea aintzat hartuta, Tene Saria bitan banatzea erabaki du Tene bekako epaimahaiak (Lorea Agirre, Alberto Barandiaran eta Elixabete Garmendiak osaturikoak); Debako Udalak, berriz, proiektuen interesa ikusi eta epaimahaiaren eskaria aintzat hartuz, bikoiztu egin du sariaren diru kopurua: 6.000 euro irabazle bakoitzarentzat.

Horrela, Mikel Markezek eta Pako Aristik elkarlanean aurkezturiko proiektua da saridunetako bat: "Benito, plazer bat izan duk". Benito Lertxundi kantariarekin urtetan egindako bazkari eta bazkalosteko solasetan oinarrituta, haren testigantza eta gogoetak modu literario batean jaso nahi ditu lanak.

Bestalde, Ainara Gorostitzuren "EtorkiZUnak" egitasmoa da beste irabazlea. Immigrazioaren errealitatea etorkinen euren ikuspegitik kontatu nahi du. Egileek urtebete izango dute beren proiektuak gauzatzeko, eta 2012an kaleratuko ditu Elkar argitaletxeak liburu biak.

Ainara Gorostitzu Mujika (Ataun, 1981) euskal filologian lizentziatua da, euskal prentsa idatzian ibilia, 'Euskaldunon Egunkaria'-n aurrena, eta 'Berria-'n gero. Gaur egun, 'ZuZeu' albistari digitaleko kolaboratzailea da. Liburu bat ere badu argitaratua, Nerea Eliasekin batera: "Eta gerra etorri zen. 36ko gerraren eragina Ataungo eguneroko bizimoduan" (2008).

Pako Aristi (Urrestilla, 1963) idazle, kazetari eta gidoigilea da, liburu eta erreportaje askoren egilea. Mikel Markez (Errenteria, 1971) kantari gisa da batez ere ezaguna, bai kantaldi bai diskoengatik, baina bestelako lanak ere egin ditu, betiere musikaren zabalkundean, hala nola Trikitixa Elkartean, Herri Irratian esatari gisa, baita prentsako kolaborazioetan ere.

TENE SARIA

Gure historia hurbilaz biografiak, kronikak, erreportajeak, saiakerak, elkarrizketak edota ikerketak bultzatzeko sortu zuten Debako Udalak eta Elkar argitaletxeak sari hau, Debako alaba Tene Mujika idazlearen omenez.

Lehenengo deialdian, 2005ean, Ramon Olasagasti izan zen irabazlea, eta sariaren laguntzaz idatzi zuen "Mendiminez" liburua, goi mendietan hildako euskal mendizaleen kronika eta biografia, 2007an kaleratu zena. Bigarren urtean hutsik geratu zen saria epaimahaiaren erabakiz.

Hirugarrena, Alberto Barandiaranek eskuratu zuen 2007an, eta 2009an kaleratu zen haren emaitza: "Postkronikak" izeneko liburua. Laugarren urtean Imanol Murua Uria kazetaria suertatu zen irabazle, eta horren ondorioz "Loiolako hegiak" lana kaleratu zuen.

Bosgarren deialdiko sariduna Mikel Garzia kazetaria izan zen, eta aurki kaleratuko da hark egindako liburua: "Zeluloidezko begiradak", Euskal Herriko 13 zinemagilerekin egindako elkarrizketa-liburua.