Mikel Markezek eta Eñaut Elorrietak hitzaldi-kantaldi multimedia eskainiko dute otsailaren 20an Baionan

Mikel Markez eta Eñaut Elorrieta
ETXEPARE EUSKAL INSTITUTUA
Actualizado: miércoles, 13 febrero 2013 14:17

BILBO, 13 Feb. (EUROPA PRESS) -

Mikel Markez eta Eñaut Elorrieta musikariek euskal musika abestuari buruzko hitzaldi-kantaldi multimedia eskainiko dute otsailaren 20an Baionan, Etxepare Euskal Institutuak jakinarazi duenez.

Aiako eta Gernikako kantarien proiektuak euskal musikagintzaren historia aztertzeko asmoa du, eta horretarako, erreferente, garai eta kanta ezagunen bidez apailatutako ibilbidea egingo dute.

Hitzaldia New Yorkeko Cervantes Institutuan eskaini zuten lehenengo aldiz Markezek eta Elorrietak, Basque Cultural Exchange in New York programaren bukaera moduan, eta hilabete honetan Valentzian plazaratu dute bigarren aldiz.

Hirugarren eta Euskal Herrian emango duten lehenengo saioa otsailaren 20an izango da, Baionako Fakultateko 040 anfiteatroan, arratsaldeko 15:00etatik aurrera. Ikuskizuna euskaraz izango da eta interesa duen orori irekia.