Miñaon dauden enpresek Michelin Desarrollo Fundazioaren mailegu eta diru laguntzen onura jasoko dute

Urzelai (ezkerrean) eta Sanchidrian hitzarmena sinatzen
Foto: IREKIA
Actualizado: lunes, 24 febrero 2014 12:28

GASTEIZ, 24 (EUROPA PRESS)

   Arabako Enpresa eta Berrikuntza Zentroak (CEIA gaztelaniaz) Arabako Teknologia Parkean dauzkan instalazioetan kokatuta dauden arabar ekintzaileek Michelin Desarrollo Fundazioak eskainiko dituen maileguen eta funts galdurako diru laguntzen onura jasoko dute aste honetatik aurrera, baldin eta industriaren sektoreko edo industriarako zerbitzuen arloko proiektuak badituzte, enplegu iraunkorra sortzen badute eta Michelinek lantokiak dauzkan lekuetan egiten badira, Euskadiren kasuan Araban eta Gipuzkoan.

   Michelin Desarrollo Fundazioko zuzendaria Felix Sanchidrianek eta Eusko Jaurlaritzako Ekintzailetza zuzendari eta CEIAko presidente Aitor Urzelaik Miñaon sinatu dute hitzarmena  gaur, otsailaren 24an. Hitzarmen horren bidez, laguntza teknikoaz gain, bi motako finantza laguntza ezartzen da enpresa horientzat, alde batetik 20.000 eta 180.000 euro bitarteko maileguak, sortutako enpleguaren arabera, 18 enplegu gehienez ere diruz lagundu ahal direla, eta funts galdurako 1.000 euro diru laguntzak, sortutako enplegu bakoitzeko.

   CEIA erakundean Eusko Jaurlaritza da buru, Arabako Foru Aldundiaren eta Gasteizko Udalaren partaidetzarekin. SPRI Taldeak kudeatzen duen erakunde hori aspalditik ari da Michelin Desarrollo Fundazioarekin elkarlanean, baina hitzarmen horren bitartez orain formalizatu eta hobetu egingo da elkarlan hori. Gaur egun 32 enpresa daude bere instalazioetan.

   Beste alde batetik, eta hitzarmenean ezarrita dagoenaz gain, lankidetza esparru horretan, Michelin Desarrollo Fundazioak bere zentroko adituak CEIAn kokatuta dauden enpresen eskura jarriko ditu, ikastaroak emateko eta puntualki aholkularitza emateko materia batzuetan. Hain zuzen ere, aste honetan bertan emango da lehenengo ikastaroa, "Finantza-egoeren lege-testuingurua eta analisi eta interpretazioa". Hiru egun iraungo duen ikastaro horretan CEIAko 15 enpresak parte hartuko dute.

   Urzelaik eta Sanchidrianek sinatu duten hitzarmenean ezarrita dagoen bezala, CEIAk bere haztegiarekin bat egiten duten ekintzaile eta enpresen artean zabalduko ditu Michelin Desarrollo Fundazioak eskaintzen dituen programak.

EKINTZAILEEI EUSKARRIA

   Michelin Desarrollo Fundazioak, bere aldetik, ekintzaileei euskarria emango die enplegu iraunkorra sortzeko potentziala daukaten proiektuetan. Euskarri horren oinarria dagokion enpresa proiektuaren azterketa egitea da, eta horrez gain, laguntza ekonomikoa ematea, adibidez funts galdurako diru laguntza eta finantza laguntza.

   Funts galdurako diru laguntza 1.000 eurokoa izango da bi urteko epean sortzen den enplegu bakoitzeko. Proiektu bakoitzeko, gehienez 18 enplegu diruz lagunduko dira. Era berean, mailegu gisa emandako finantza laguntza -Michelin Desarrollo Fundazioak bermatuta- aldakorra izango da, 20.000 eta 180.000 euro bitartekoa proiektu bakoitzeko, kontuan hartuta proiektu horren kalitatea eta epe labur eta ertainean sortuko duen enplegu kopurua (gehienez 10.000 euro, hiru urteko epean sortu beharreko enplegu bakoitzeko).

   Maileguaren iraupena bost urtekoa izango da, urtebeteko ezaldiarekin. Interesa finkoa izango da maileguaren bizitza osoan, (2013an sinatutako hitzarmenetan %2 izan da). Zenbatekoa, finantzatu beharreko kopuru osoaren %30 baino gehiagokoa ezin da izan.