Mingbeast eta Sedated by a Brick konpainiek Artiumeko "Afterscratxe #1" programan parte hartuko dute abenduaren 17an

Actualizado: miércoles, 14 diciembre 2011 13:15

GASTEIZ, 14 Dic. (EUROPA PRESS) -

Artium Gasteizko Arte Garaikideko Euskal Zentro-Museoak Mingbeast eta Sedated by a Brick konpainia britainiarren "Love... eight acts of brutality" eta "If destroyed still" lanak aurkeztuko ditu, hurrenez hurren, abenduaren 17an, arratsaldeko 19:30ean Ekialde-Goikoa aretoan, "Afterscratxe #1" programaren baitan.

Bi performanceak "Scratxe Gauak" ekimenean parte hartu dute. Factoría de Fuegos elkartearen proposamena da "Scratxe Gauak", eta artistei garapenean dituzten ideiak erakusteko eta frogatzeko gunea eskaintzen die. Artiumek ekimenarekin bat egiten duen lehenengo aldia da eta bertan bukatutako lanak aurkeztuko dira. Sarrerak sei euro balioko ditu, eta kide elkartuek eta ikasleek hiru euro ordainduko dituzte. Aurretik txartel-leihatilan egongo dira salgai eta erreserbak www.atrapalo.com webgunean egin ahal izango dira.

Zentro gasteiztarrak jakinarazi duenez, "Love... eight acts of brutality" Mingbeast konpainiak aurkeztuko duen lan eszenikoa da. Testuarekin, irudiekin eta Federico García Lorca poetaren "El Público" eta William Shakespeare handiaren "Romeo eta Julieta" lanetako pertsonaiekin batera, kultura herrikoia eta antzerkigileen biografia nahasten dituen ikuskizuna da. Horrela, "maitasunezko istorio" baten paradigmak umorez desegiten ditu.

Julieta pazientzia galtzen ari dela sentitzen hasiko da. Norbait etortzea itxaroten ari da, bere hilobian berriro sartzeko. Bertan, behin eta berriro "Garai Guztietako Maitasunezko Istoriorik Handiena" birsortzera derrigortua sentitzen da, denborarekin eta errepikapenarekin higatua dagoen tragedia bat. Fikzioari aurre eginez, beste zerbait bilatzera aterako da, irudikapena baino haratago dagoen zerbait.

Bestalde, Sedated by a Brick konpainiak bi urte hausnarketa prozesuan egon ondoren sortutako bere lehenengo lana aurkeztuko du: "If destroyed still". Eszenatokian bizitzarik gabeko bi gorpu berpizteko ahaleginetan irudi isil bat agertzen da; biriketarantz arnasa iristea behartzen, arropak janzten eta eranzten, te kikarak ezpainetan estutzen. Beren gorputzak berpizten diren bitartean, errealitatearekin dagoen lotura irudi isilarekin eta bere munduarekin eragina izaten hasiko da.

Factoría de Fuegos erakunde artistikoak Artiumekin elkarlanean aritu da "Afterscratxe #1" programan. Bertan, "Scratxe Gauak" ekimenean parte hartu duten eta urtean zehar amaitutako piezak aurkeztuko dira. Programa 2009an hasi zen tokiko eta nazioarteko artistei garapenean dituzten ideiak erakusteko eta frogatzeko gunea eskaintzen. Gainera, ikusleari ideiak modu gordinean eta arriskutsuan ikusteko aukera eman ez ezik, sortze prozesuan parte hartzeko aukera ere ematen dio.

Munduko beste talde eszenikoekin batera, Mingbeast eta Sedated by a Brick konpainiek "Scratxe Gauak" ekimenean garapenean dauden beren piezak aurkeztu dituzte. Orain, abenduaren 17an, 19:30ean Ekialde-Goikoa aretoan lehenengo aldiz urtean zehar amaitutako lanak ikusiko dira Artiumen.