DONOSTIA 24 May. (EUROPA PRESS) -
Donostiako Ernest Lluch Kultur Etxeak, Bagera Donostiako Euskaltzaleen Elkarteak, Amara Berri auzoko euskaltegiek (Urrats eta AEK) eta Ikasbide Kultur Elkarteak mintzodromoa egingo dute Amara Berrin larunbat honetan, maiatzaren 25ean, Donostiako Udaleko Euskara Zerbitzuaren laguntzarekin. Saioa eguerdiko 12:00etan, eta 100 bat lagun arituko dira solasean. Eguraldi txarra egiten badu, Ernest Lluch Kultur Etxean egingo da, antolatzaileek jakinarazi dutenez.
Orain arte egindako mintzodromoek izan duten arrakasta dela eta, Olatu Talka jaialdiaren baitan antolatuko da bigarren urtez egitasmo hau. Mintzodromoa euskararen erabilera sustatzeko baliagarria da oso, euskara ikasten ari dena euskaraz hitz egitera animatzen delako; euskaraz jakin arren, euskaraz aritzeko aukera gutxi dituenari aukera horiek ematen zaizkiolako; eta nahiz eta euskalduna izan, ohituraz, euskaraz gutxi egiten duenari motibazioa areagotzeko balio duelako. "Azken finean, euskara eta euskaraz konpartitzen da", azaldu dute.
Larunbateko Mintzodromoan euskara ikasten edota euskara dakien edonork parte har dezakeenez, antolatzaileek parte hartzeko gonbidapena luzatu diete donostiar guztiei. Horretarako ordu laurden lehenago azaltzea komeni da.
Mintzodromoaren funtzionamendua aurrekoaren antzekoa izango da: partaideak launaka eseriko dira mahai baten inguruan eta berriketa lasaian interes orokorreko gaiez jardungo dute. Hiru gai izango dituzte solaskideek mintzagai ordubeteko tartean; gai bakoitzarentzat 15 minutu izango dira eta gai baten eta bestearen artean, parte-hartzaileak mahaiz mugituko dira mintzakidez ere aldatuz.