Mireia Perez eta Manuel Bartual dira Getxoko X. Komiki eta Manga Azokaren kartelaren egileak

Getxoko X. Komiki eta Manga Azokak badu kartela
Mireia Perez/Manuel Bartual
Actualizado: martes, 4 octubre 2011 16:30

BILBO, 4 Oct. (EUROPA PRESS) -

Getxoko (Bizkaia) X. Komiki eta Manga Azokak badu kartela, Mireia Perez eta Manuel Bartual komikigile valentziarrek eginikoa, hain zuzen ere. Bi egileek azokan parte hartuko dute, azaroaren 25etik 27ra. Ohi bezala, azoka Areetako Geltokia plazan izango da hitzordua, eta hiru egunez, hainbat saltoki eta biñetaren munduaren inguruko jarduerak izango dira.

Azokaren antolatzaileek jakinarazi dutenez, Mireia Perez (Valentzia, 1984) ilustratzaile eta komigile gaztea da. 'El estafador' web-komikian hasi zuen jarduera eta arlo profesionalean 'El Manglar' aldizkarian argitaratutako komiki batekin egin zuen debuta. Ondoren, 'El Jueves' aldizkarian hasi zen kolaboratzen eta bi istorio labur argitaratu ditu 'La Gomme Oculte' eta 'Le fil du nil' fanzine frantsesetan. 2010ean Injuveren Komiki Lehiaketa irabazi zuen eta aurten lehenengo saria eskuratu du FNAC-Sinsentido Eleberri Grafikoaren lehiaketan, "La muchacha salvaje" lanarekin.

Manuel Bartuali (Valentzia, 1979) dagokionez, 7 Monos egileen kolektiboa sortu zuen beste batzuekin batera, esaterako Victor Santos, Sergio Cordoba, Jordi Bayarri eta Joan Marinekin. Kolektibo horretako artistekin zenbait istorio labur eta hiru komiki liburu egin ditu. 2007tik aurrera "Sexorama" eta "El detective de la SGAE" serieak egiten du. Azken hori, Bruguera argitaletxe ospetsuaren komikiei omenaldia da.

Bartualek istorio laburrak ere egin ditu, bakarka zein elkarlanean, 'Trama', 'Tos' eta 'El Manglar' aldizkarietan. 2007. urtetik aurrera Espainiako MTVren web-orrian "¡Escucha esto!" web-komikia egiten du. Komigile ez ezik, Bartual diseinagile eta kolaboratzaile aritzen da argitalpen espezializatuetan.

Azaroaren 25etik 27ra, hamargarren urtez, Komiki eta Manga Azokak biñetaren mundua ekarriko du Getxora. Iaz bezala, Areetako Geltokia plazan kokatuko da azokaren karpa. Aurten 80 bat salmenta-postu egongo dira eta, horietan, komiki-dendek, argitaletxeek, banatzaileek, fanzineek eta aldizkariek azken nobedadeak eskainiko dituzte. Halaber, hainbat jarduera egingo dira azokan: hitzaldiak, proiekzioak, nobedadeen aurkezpenak, tailerrak, erakusketak eta sinatze-txandak, besteak beste.