Miribilla kalea oinezkoentzat egokitzeko lanak bukatu ditu Bilboko Udalak, 500.000 euroko inbertsioa eginda

Udal ordezkariak Miribilla kale berritua bisitatzen
BILBOKO UDALA
Actualizado: viernes, 26 mayo 2017 13:36

BILBO, 26 (EUROPA PRESS)

Bilboko Udalak amaitu ditu Miribilla kalea oinezkoentzat egokitzeko eta erabat eraberritzeko lanak. Obrak 2016ko azaroan hasi ziren eta 500.000 euroko inbertsioa ekarri dute. Saneamendu sarea berritu da, argiak kanalizatu dira eta lehendik zeuden hiri altzariak berriro jarri dira, bai eta banku eta zuhaitz berriak ere. Juan Mari Aburto alkateak eta udal ordezkariek berriztaturiko kalea bisitatu dute ostiral honetan.

Miribilla kalea oinezkoentzat egokitzeko orduan, Martzana kaleko diseinu bera erabili da, jarraipena emateko. Bizitoki eta merkataritza gunea da, baina espaloi eta bide oso estuak zituen, gainera egoera txarrean, bai eta eskailera eta eskailera maila narriatuak ere. Orain, kale horretatik sarrera duten garajeetako jabeak bakarrik sartu daitezke ibilgailuekin.

Atarietako sarbideak eta kaleko ekipamenduak hobetu dira, arrapalak jarrita mugitzeko zailtasunak dituzten pertsonentzat. Inguruan dagoen hotelaren kasuan eta 4 zenbakidun atarian arrapalak jarri dira. Bi lekuetako eskailerak konpondu dira, irisgarritasunari buruzko araudia beteta.

Bide batez, kale osoko saneamendu eta argi sare berriak ipini dira. Led argien 11 puntu jarri dira, inguruko kaleetakoen diseinuari jarraituz. Horrez gain, hamaika zuhaitz berri gehitu zaizkie lehendik zeuden hirurei, eta azken hauei txorko berriak egin zaizkie. Azkenik, lanak amaitzeko, banku eta baranda berriak ere ipini dira zenbait lekutan, irisgarritasuna hobetze aldera.

Miribilla kaleko lanak 2016-2019 aldirako Auzokide Planaren baitan daude. Plan horrek jarduteko 124 eremu baino gehiago jasotzen ditu, eta horietako 70 baino gehiago abian daude.