Mondragon Green Community aurkeztu da, Korporazioan ekimen berriak sustatzeko

Mondragon Green Community-ren aurkezpena
MONDRAGON
Actualizado: miércoles, 13 febrero 2013 14:59

DONOSTIA, 13 Feb. (EUROPA PRESS) -

Mondragon Green Community foro berria aurkeztu da asteazken honetan Garaia Berrikuntza Gunean. Foro irekia izango da, eta Mondragon Korporazioko pertsona eta enpresa ezberdinek parte hartu ahal izango dute. Ekonomia berdearen arloan ekimen berriak sustatzeko eta informazioa trukatzeko helburua du foro berriak.

Eva Larrea Mondragon Eko plataformako zuzendariak adierazi duenez, "hori guztia interkooperazioan egin nahi dugu". "Ekonomia berdearen arloan balio handiko proposamenak partekatu nahi ditugu" esanez egin die ongietorria Larreak Garaia Berrikuntza Gunera gerturatu diren lagunei. Guztira, Mondragon Green Community foroaren aurkezpenean kooperatiba eta berrikuntza gune ezberdinetako 30 bat lagunek parte hartu dute.

Batz, LKS, Fagor Ederlan eta Maier moduko kooperatibetako ordezkariak izan dira, baina baita Centro Stirling moduko Osagaien Dibisioko berrikuntza gunekoak eta Fagorreko promozio guneko eta Mondragoneko BACeko ordezkariak ere. Guztiek dituzte interesak arlo horretan ekimenak bultzatzeko eta batzuk dagoeneko ari dira zenbait proiektu garatzen.

Mondragon Green Community elkarlanerako foroa izango da, eta eragile eta parte-hartzaile ezberdinek dokumentuak eta informazioa partekatzeko aukera izango dute. Gainera, foroak indartu egingo du Mondragon Eko plataforma korporatiboaren funtzionamendua.

Ekitaldian, Green Community-ren bultzatzaile nagusiek egitasmo berriaren helburuak aurkeztu dituzte, eta lan egiteko dinamika, eraketa eta egin nahi dituzten proiektuen eta balizko proposamenen berri eman dute. Hasteko, bidaia-orri bat ezarriko dute, nabigazio mapa bat estrategiak eta informazio ezberdina konpartitzeko.