Mondragon Health-ek SHS enpresa sortu du osasun-zentroei bideratua

Actualizado: jueves, 12 enero 2012 13:52
cia" class="NormalTextoNoticia" itemprop="articleBody">

DONOSTIA, 12 (EUROPA PRESS)

   Mondragon Health plataformak Smart Health Services (SHS) izeneko enpresa berria eratu du, osasun-zentroetarako erosketa eta horniduren logistikarako zerbitzu integratuak gestionatzeko helburuarekin. Osasun-zentroetara bideratuta dauden hainbat zerbitzu elkartzen dituen negozio berri bat da, eta Mondragon Korporazioko hainbat erakunderen gaitasunak batu eta bultzatuko dituen motorra izatea nahi da.

   Enpresa-proiektu berriaren helburu soziala izango da osasun-materiala erosteko eta horniduren logistikarako aholkularitza zerbitzuak ematea. Hitz batean, "proposamen berritzailea da", osasun-zentroek izan ohi dituzten premiei erantzuteko soluzio integrala eskainiko duena, esaterako, erosketen logistikari, kontratazio elektronikoari, katalogoen arrazionalizazioari, eta osasun alorrean eta alor soziosanitarioan erabiltzeko materialen horniketa eta banaketarekin lotuta dauden zerbitzu logistikoei.

   Mondragon Korporazioko iturriek jakinarazi dutenez, SHS sozietatea Mondragon Health plataforma korporatiboak bultzatutako ekimena da. Sozietatearen %51 Mondragon Health-ena da, eta Kudea enpresa, erosketa eta kontratazio prozesu orokorren gestioan aditua dena eta osasun pribatuaren sektorean esperientzia duena, sozietatearen %40aren jabea da. Halaber, enpresak LKSren aholkularitza arloaren ekarpena du, kapitalaren %9 LKSrena baita.

   Osasun-zerbitzuak, bereziki publikoak, buru-belarri ari dira kostuak murriztu eta sistema iraunkorra izatea ahalbidetzeko moduak bilatzen. Erosketen gestioa, horniketa eta banaketa eragin handiko arloak dira osasun sistema eraginkorragoa izan dadin lortzeko.

   Eva Gerrikagoitia SHS-ko zuzendari gerenteak dioenez, "gestioaren kostuak eta kalitatea optimizatzeko benetan dauden aukerak zabalak dira, eta azken urteetan ekimenak sortzen ari dira gestioaren hainbat eremutan, batez ere pazienteen zaintzarekin zuzenean lotuta ez dauden zeharkako zerbitzuetan".

   Enpresa-proiektu berri hau Mondragonek 2013-2016 aldirako ekin berri dion Politika Sozioenpresarial berriaren atal bat da, eta balio erantsi handiagoko negozio berriak abiarazteko aliantzetan lankidetza, berrikuntza eta proaktibitatea bultzatzearen alde egiten du.

BAZKIDEAK

   Mondragon Health Mondragon Korporazioaren plataforma bat da, osasunaren sektorera bideratutako produktu eta zerbitzuetan enpresa garapen berriak sustatzeko. Bere estrategiaren jomuga dira arreta soziosanitarioa, eHealth, ospitale prozesuen automatizazioa, osasun sektorearen logistika eta sektoreko proiektu globalen garapena.

   Kudea sozietatea erosketa eta kontratazio prozesu orokorren gestioan aditua da, eta osasun pribatuaren sektorean esperientzia dauka, baita Osasun Zentroetarako erosketa eta hornigaien logistikako zerbitzu integratuen alorren kontaktu estrategikoen sare handi bat ere.

   LKS Taldea sektoreko profesionalen erreferente nagusietakoa da Euskal Herrian, eta bere baliozko proposamena bezeroei aholkularitzako eskaintza integrala ematea da.