Mondragon Unibertsitateak 13 master eskainiko ditu

Actualizado: miércoles, 5 agosto 2015 11:31

DONOSTIA, 5 (EUROPA PRESS)

   Mondragon Unibertsitateak 13 master eskainiko ditu datorren ikasturtean, hiru jakintza arlotan banatuta: bost ingeniaritzan, beste bost enpresa kudeaketan eta hiru hezkuntza arloan. Unibertsitate masterrak euren arloetan espezializatu nahi dutenentzat dira, hau da, gradudunentzat, diplamadunentzat, lizentziadunentzat edo ingeniaritzako tituludunentzat, baita doktoregoa egin nahi dutenentzat ere. Azken finean, masterra graduaren eta doktoregoaren artean dagoen irakaskuntza maila da.

   Mondragon Unibertsitateak prentsa ohar baten bidez adierazi duenez, graduondoko prestakuntza funtsezkoa da antzeko bi curriculumen artean aukeratzeko orduan. Horregatik, gero eta gehiago dira, gradu ikasketak bukatutakoan master bat egitea erabakitzen duten unibertsitate tituludunak. Master horien garapenak erantzuna ematen dio ezagutzan oinarritutako gizarteak eskatzen duen espezializazio maila gero eta handiagoaren erronkari.

   Unibertsitate masterra diziplina anitzeko ikuspegia duen izaera espezializatuko prestakuntza da, eta espezializazio profesionala edo akademikoa du helburu, edota ikerkuntzako jarduera profesionalean hastea.

   Mondragon Unibertsitatearen arabera, eskaintzen dituen unibertsitate masterrak praktikoak eta aplikagarriak dira; alegia, bat datoz unibertsitateak enpresen eta beste erakunde batzuen beharrekiko duen hurbiltasun ereduarekin. Mondragon Unibertsitatearen kasuan, graduondokoa egiten dutenen okupazioa %90 baino handiagoa da. Unibertsitate masterrak 60 ECTSko (ikasturte bat) edo 120 ECTSko (bi ikasturte) iraupena izan dezake.

MASTER ESKAINTZA

   Horrela, ingeniartiza arloan eskaintzen dituen masterrak Produktu eta Zerbitzuen Diseinu Estrategikoa; Enpresa Berrikuntza eta Proiektu Zuzendaritza; Industria ingeniaritza; Sistema Txertatuak, eta Energia eta Potentzia Elektronika dira.

   Enpresen kudeaketari dagokionez, Enpresa Zuzendaritza (MBA); Gizarte Ekonomia eta Enpresa Kooperatiboa; Kontabilitate eta Finantza Zuzendaritza; Marketin Digitala, eta Erakundeen Nazioartekotzea dira.

   Azkenik, hezkuntza arloan, Derrigorrezko Bigarren Hezkuntzan, Batxilergoan, Lanbide Heziketan eta Hizkuntzen Irakaskuntzan irakasle gisa aritzeko gaikuntza; Berrikuntza Didaktiko Metodologikoko Proiektuen Garapena eta Kudeaketa Hezkuntza Erakundeetan (BERRIMET), eta Hezkuntza testuinguru multikultural eta eleaniztunetan unibertsitate masterra dira ikasgai.