Mondragon Unibertsitateak eta Sener Taldeak elkarlanean aritzeko hitzarmena sinatu dute

Jorge Unda (ezkerrrean) eta Vicente Atxa, hitzarmena sinatzen
ASIER CAMACHO
Actualizado: viernes, 10 febrero 2017 14:25

BILBO, 10 (EUROPA PRESS)

Mondragon Unibertsitateak (MU) eta Sener ingeniaritzako eta eraikuntza taldeak lankidetzarako esparru hitzarmena sinatu dute ostiral honetan Bilbon, ikerketa eta teknologiaren transferentziako proiektuetan, etengabeko prestakuntzan, ingeniari gazteen prestakuntzan eta talentuaren erakarpenean batera lanean aritzeko. Hitzarmenak lau urte iraungo du eta epealdi hori automatikoki luzatu ahalko da.

Esparru akordioa MUko errektore Vicente Atxak eta Sener taldearen zuzendari nagusi Jorge Undak sinatu dute unibertsitateak Bilbon dituen instalazioetan, Bilbao Berrikuntza Faktorian.

Praktikan, akordioak dakar bi erakundeak batera arituko direla lanean teknologia arloko ikerkuntzan eta ezagutzaren transferentzian, Sener taldearen jardueraren berezko teknologiak garatzeko, baita teknikarien, espezialisten eta Senerreko beste lanpostu batzuen etengabeko prestakuntzan ere, eta teknologia horietan espezialista diren ingeniari gazteen prestakuntzan.

Azken helburu horrekin, ingeniaritza eta eraikuntza taldeak "urrats sendoa" egin du talentua erakartzeko. Horretarako, bultzada eman du MUk euren jardueran eta ezagutza arloan espezializatutako ingeniari gazteei prestakuntza eman diezaien, gazte horiek enpresaren harrobia izan ahalko baitira.

MUko errektore Vicente Atxak adierazi duenez, "ikerketa, transferentzia eta prestakuntza batzea enpresekin elkarlanean aritzeko modu naturala da, eta akordio honi esker, Mondragon Unibertsitateko ikasleek eta Senerrek gaurtik aurrera tresna hobea izango dute lehiakorragoak izateko eta profesionalik onenak eskura izateko".

Halaber, Jorge Unda Sener taldearen zuzendari nagusiak nabarmendu du "guztiz harro egoteko modukoa" dela "hain helburu zabalak dituen akordioa" sinatzea MUrekin. "Senerren beharrizana da berarekin lotutako pertsonek prestakuntzako eta lanbide gaitasuneko maila handiak izatea. Badakigu hori oinarria dela ideia berritzaileak sortzeko, non eta munduan lehiatzeko abantaila nagusia teknologia arloan besteengandik bereiztea den enpresa batean", azaldu du.