Mondragon Unibertsitateak goi teknologioako Europako lau proiektutan parte hartuko du

Mondragon Unibertsitatea
Foto: MONDRAGON UNIBERTSITATEA
Actualizado: lunes, 30 marzo 2015 11:33

Prioiektuek 50 milioi euro jasoko dute eta 36 hilabetetan garatuko dira

   BILBO, 30 (EUROPA PRESS)

   Mondragon Unibersitatea eta bere Goi Eskola Politeknikoa "ikerketako erreferentzia" bihurtuko dira nazioartean, goi teknologiako Europako lau proiektutan parte hartuko baitu. Proiektu horiek Euskadi RIS-3 sektoreen espezializazio adimendunaren europar eta euskal estrategiaren barruan daude kokatuta, eta, guztira, 50 milioi euro jasoko dute. Energia, 4.0 Industria eta Fabrikazio Aurreratua dituzte xede proiektuok.

   Proiektuak hiru urtetan (36 hiletan) garatuko dira eta, horri esker, unibertsitateak Euskadirentzat estrategikoak diren sektoreetako ikerketa bultzatuko du eta ikerketaren emaitzak euskal industrian aplikatuko dira, euskal ekonomiaren hazkundeari laguntzeko, Mondragon Unibertsitateak jakinarazi duenez.

   Espezializazio adimendunaren europar estrategiak hiru lehentasun zehaztu ditu: fabrikazio aurreratua, energia eta biozientziak. Fabrikazio aurreratuaren kasuan, Euskadik bere estrategia produktu berri adimentsuagoak sortzera zuzendu du, hala nola material berriak erabiltzera eta fabrikazio prozesuak hobetzera. Energiaren sektorean, berriz, estrategia Euskadiko sektore energetiko guztietan eta horien balio kate osoan I+G+B sustatzera zuzenduta dago.

   Horrela, Mantis izeneko proiektuaren buru Mondragon Unibertsitatea da. 47 bazkide dituen europar proiektua da, 30 milioi euroko aurrekontua du eta orain arte unibertsitateak jaso duen diru zenbateko handiena da. 4.0 Industriaren alorreko proiektua da, eta hodeian industria alorreko mantentze zerbitzuen plataforma bat diseinatzea eta garatzea da helburua, non sentsoreek edo sistema txertatuek prozesuak monitorizatuko dituzten.

   Horri esker, sistema adimendunek erabakiak hartzen lagunduko dute, etorkizuneko errendimendua zenbatetsiz eta denbora gutxian izan daitezkeen akatsak aurreikusiz. Mantentzea era proaktiboan programatu eta industria mantentze proaktiboa egin ahal izango da, kostuak txikitzeko eta materialak hobeto erabiltzeko. Proiektuko emaitzak lau eszenatokitan baliozkotuko dira: produkzio aktiboen mantentzean, ibilgailuen kudeaketan, energiaren produkzioan eta osasun-alorreko ekipoen mantentzean.

IBILGAILU ELEKTRIKOAK

   Bestalde, ibilgailu elektrikoen autonomia %50 handitzea da Mondragon Unibertsitatea bazkide duen -beste 13 bazkiderekin batera- Optemus europar proiektuaren helburua. Virtual Vehicle da proiektuaren buru eta Fiat automobil konpainiak hartzen du parte. Horrek Fiat 500 bat jarriko du partzuergoaren esku, proiektuaren helburuak betetze aldera ibilgailuari hainbat teknologia ezartzeko. Ondoren, lorturiko emaitzak beste ibilgailu elektriko batzuetara estrapolatuko dira.

   Proiektuak 6,4 milioi euroko aurrekontua du, eta bertan kudeaketa termiko aurreratuko sistemak garatuko dira, hala nola metatze termiko eta elektrikoko sistema gisa jarduten duten baterien housing (ahokalekua), HVAC unitate aurreratuak (berokuntza eta aireztatze sistema eta aire girotua), energia termikoa kontrolatzeko unitatea, birsortzezko indargetze sistemak, kontrol sistema adimendunak (eco-driving, eco-routing, kabinaren antolamendu prediktiboa) eta abar.

   Mondragon Unibertsitateak eta Stirling Zentroak erdieroaleak erabiliz klimatizazio sistema lokalizatuen garapenean lan egingo dute, eta horren erakusle izango da aulki adimendun girotua.

MMTECH

   Bestalde, MMTech proiektuak Europako 13 bazkide ditu, 4.0 Industriaren barruan kokaturik dago eta material berriak garatzea du xede. Orain hasiko da eta 2018 erdialdera amaituko da, eta 5,7 milioi euroko aurrekontua du. Alderdi giltzarrietako bat da titanio-aluminuroen (titanio eta aluminio-aleazioen) erabilera, dituzten ezaugarriei esker material ezin hobeak baitira hegazkin-motorretan erabiltzeko.

   Mekanizazioa hobetuz errendimendu handiko aleazio horien kosteak txikitzeko teknologiak ikertzea du xede proiektuak. Ikerketa hori euskal ekonomiaren sustatzailea den Euskadiko aeronautikako industriarentzat baliagarria izango da. Alor horretako hainbat industriak dagoeneko proiektuaren inguruko interesa erakutsi dute, esaterako ITPk.

   Azkenik, laugarren proiektuak, EU-LIVE (Efficient Urban Light Vehicles) izenekoak, hirian erabiltzeko ibilgailu elektrikoak ditu helburu, 20 ZP-tik beherako potentzia duten ibilgailuak, hala nola motozikletak, scooterrak, trizikloak eta hirirako auto txikiak. Proiektuaren buru Virtual Vehicle eta automobilgintzako bi fabrikatzaile handi dira: PSA eta Peugeot.

   Partzuergoa Europako 15 parte hartzailek osatzen dute eta proiektuak zortzi milioi euroko aurrekontua du. Proiektuaren helburua trakzioko oinarrizko osagaiak garatzea da, horietatik abiatuz hirirako askotariko ibilgailuak eraikitzeko. Proiektuan triziklo hibrido eta scooter elektriko baten prototipoak garatuko dira, eta prozesu berritzaile baten bidez, quad hibrido baten simulazio prototipoa. Mondragon Unibertsitatearen egitekoa Litio teknologian oinarrituta trakzioko bateria garatzea izango da.