Mondragon Unibertsitateak proiektuen kudeaketa eta zuzendaritzako prestakuntza emateko nazioarteko egiaztagiria lortu du

PMP ziurtagiria eskuratzen laguntzeko programa
MONDRAGON UNIBERTSITATEA
Actualizado: lunes, 28 enero 2013 13:17

BILBO, 28 Ene. (EUROPA PRESS) -

Mondragon Unibertsitateak mundu mailako proiektuen kudeaketarako prestakuntza eskaini ahal izateko gaitasuna aintzatesten duen REP (Registered Education Provider) izeneko ziurtagiria eskuratu du, ziurtagiria lortzen duen Euskal Herriko lehen unibertsitatea eta Estatuko bigarrena (Bartzelonako Ramon Llul unibertsitatearekin batera) izanik. Horrela, "ate nagusitik" sartu da zuzendaritza-gaitasun horiek egiaztatzen dituen nazioarteko sare ospetsu eta txikian.

Unibertsitatearen arduradunen arabera, kudeaketaren alorreko trebezia egokiak falta dituztelako (adibidez, helburuak ebaztea, langileak motibatzea, aukera berriak identifikatzea, antolatzea, planifikatzea, erabakitzea, kontrolatu eta informatzea eta abar), proiektuak egoki zuzendu eta gauzatzeko gai diren profesionalak falta dira.

Egoera hori konpontzeko, duela bost urte Mondragon Unibertsitateak programa bat jarri zuen abian, ikasleek PMP (Project Management Profesional) ziurtagiria eskuratzeko prestatze aldera. Proiektuen egiaztagiri hori da nazioartean ospetsuena, eta horixe eskatzen diete munduko erakunde nagusiek eurekin lan egin nahi duten proiektu-zuzendariei.

Dagoeneko ehun pertsonak eskuratu dute ziurtagiria Mondragon Unibertsitateak antolatutako programari esker eta, hain zuzen, orain jarriko da abian zortzigarren edizioa Bilboko Merkataritza Ganberan, maiatzera arte iraungo duena.

REP ziurtagiriari esker, gainera, maila hori eskuratu duten pertsonei ziurtagiriari eutsi ahal izango diotela bermatuko die Mondragon Unibertsitateak; izan ere, ziurtagiri horrek exijitzen duenez, hura eskuratu ondoren ere etengabeko prestakuntzari eutsi behar zaio, eta hiru urtean behin ezagutza berriak egiaztatu beharra dago.

PMP

PMP (Certified Project Management Professional) ziurtagiria da proiektuen zuzendaritzarako gaitasun profesionalaren aintzatespen-mailarik handiena duena, eta Project Management Institute-k eskaintzen du. Erakunde profesional hori munduan aitzindaria da proiektuen zuzendaritzako ezagutza-, informazio- eta profesionalizazio-alorrean. Azken urteetan, mundu osoko instituzio eta enpresek baldintza hori exijitzen diete euren proiektu-zuzendariei eta eurentzako proiektuak egiten dituzten enpresei.

REP hezkuntza-zentroak (eta orain Mondragon Unibertsitatea horien artean dago) Project Management Institute-k homologatutako instituzioak dira, proiektuen kudeaketako prestakuntza eskaintzeko eta jardunaldiak eta mintegiak (PMP ziurtagiria, besteak beste) antolatzeko baldintzak betetzen dituztelako. Ziurtagiri hori eskuratzen duten pertsonek etengabeko prestakuntzari eutsi behar diote, REP egiaztagiria eskuratu duten erakundeek soilik eman ditzaketen unitate berrien bidez.

Proiektuen kudeaketan eskarmentua duten eta unibertsitateko goi mailako edo maila ertaineko titulazioa duten profesionalei zuzenduta dago. Programa horren bidez, Euskadin ziurtagiri hori duten proiektu-kudeatzaileen gabezia murriztu nahi du Mondragon Unibertsitateak. Izan ere, gabezia hori geroz eta eragozpen handiagoa da euskal enpresentzat, nazioarteko proiektuetan aitzindariak diren erakunde, instituzio eta enpresekin lan egiteko aukera mugatua ikusten dutelako.

Prestakuntza-fasea amaitu ondoren, parte-hartzaileek azterketa bat gainditu beharko dute. Hartara, eta ziurtagiri horri esker, Euskal Herrian Project Management Institute-ren jarduera bat sortu da, Euskadi Proiektuen Zuzendaritzan erreferentzia izan dadin.