Mont de Palol-en eta Dutor-en "Eta zergatik John Cage?" performance lana izango da larunbatean AlhondigaBilbaon

Europa Press País Vasco
Actualizado: viernes, 17 mayo 2013 13:20

BILBO 17 May. (EUROPA PRESS) -

Guillem Mont de Palol eta Jorge Dutor artisten "Eta zergatik John Cage?" izenburuko performance lana izango da ikusgai AlhondigaBilbao zentroan datorren larunbat honetan, maiatzaren 18an. Ikuskizuna 3, 2, 1 Forma Eszeniko Berrien Nazioarteko Topaketaren ataria izango da.

Zentro bilbotarreko iturriek jakinarazi dutenez, gaur egungo sortzaile eszenikoei zuzendutako programaren hiru edizio egingo dira AlhondigaBilbaon. 3 (2013), 2 (2014) 1 (2015) programan bilduko diren proposamen artistikoak performance, dantza eta antzerki garaikidea berraztertzen dituen ikuskerari lotuta daude. Hiru diziplina horiek elkarri lotuta daude, beste arte batzuekin ere badute zerikusia, eta modu desberdinean proposatzen dituzte gaiak, kontzeptuak eta sinergiak.

Larunbat honetatik maiatzaren 31ra bitartean, AlhondigaBilbao proposamen artistiko horien eragileen topagunea izango da. Begirada desberdinak dituzten eta jatorri desberdinekoak diren sortzaileek, gune berean kokatuta, hainbat ikuspegi eta berrazterketa azalduko dituzte eguneroko kontzeptuei buruz, begirada artean jarrita, zuzeneko artean, soilik unean bertan ikus daitekeen eta ikusleentzat esperientzia bilakatzen den zerbaitetan.

"Eta zergatik John Cage?" performance lana Bastida aretoan izango da, 20:00etan, eta sarrerak 10 euro balioko du. Diskurtso zehatzeko esanahiari eta soinuari buruzko performancea da, eta hitzen soinuaren boterea jorratzen du, soinua egitura gisa eta bidaiatzen duen dinamika gisa ulertuta.

Ikus-entzuleak sentipenen, harremanen, pertzepzioaren eta gorputzaren arloan barneratuko dira. Ez da garrantzitsua izango zer esaten den, nola esaten den baizik, nolako tresna musikal eta koreografikoak erabiltzen diren testua suntsitzeko eta interpretatzailearen lanean murgiltzeko.

Contenido patrocinado