Mugi eta Bat txartelak Metro Bilbaon erabiltzea onartu du Bizkaiko Garraio Partzuergoak

Actualizado: martes, 16 febrero 2016 15:04

BILBO, 16 (EUROPA PRESS)

   Bizkaiko Garraio Partzuergoaren (BGP) Kontseilu Nagusia bildu da astearte honetan, Bilbon, eta Mugi (Gipuzkoa) eta Bat (Araba) txartelak Metro Bilbaon erabiltzeko hitzarmenak onetsi ditu. Modu honetan, Euskadiko txartel bakarra izateko bideak aurrera egiten jarraitzen duela nabarmendu du BGP-k.

   Aurretik egin diren lan bilerak Eusko Jaurlaritzak koordinatu ditu, eta orain, kontakturik gabeko txartelen jabetza duten erakundeak (Gipuzkoako Garraioaren Lurralde Agintaritza eta Eusko Trenbideak sozietate publikoa, hau da, BAT txartela Araban kudeatzen duena) ados jarri dira, eta txartel horien dirudun modalitateak Bilboko metroan erabili ahal izango dira.

   Barik, Mugi eta Bat txartelak EAEko hiru lurralde historikoetan erabili ahal izateko "bidaia etengabean sartzen den urrats bat izan da hori". Hasieran, lehenengo fasean, proba pilotua egin zen; orduan, hiru txartelak erabili ahal izan ziren Bilbo eta Gasteizko tranbietan eta Larreinetako funikularrean. Halaber, urtearen erditik aurrera Metro Bilbao operadorean ere erabili ahal izango dira txartelak.

   "Elkarreragingarritasun" proiektua iraunkorra izatea nahi da. Pixkanaka beste garraiobide batzuk ere sartuko ditu, Euskadiko garraio publiko osoan txartel bakarra erabili arte.

   Lehenengo proba pilotuak urtebetetik gorako iraupena izan zuen eta Eusko Jaurlaritzaren menpeko garraiobideetan egin zen (Bilboko eta Gasteizko tranbiak eta Larreinetako funikularra). Bada, proba hori ondo atera zenez, Metro Bilbao sartu da orain planean. Adibidez, hasierako azterketatik honako datua atera zen: 2015ean 73.895 bidaiarik erabili zuten Barik txartela Gasteizko tranbian.

TXARTEL TURISTIKOA EUSKOTRENEN

   Bestalde, Bizkaiko Garraio Partzuergoak luzatu egingo du Eusko Trenbideak erakundearekin sinatuta duen kontratu arautzailea, txartel turistikoa Bilbao Bizkaia Card txartelaren barruan ezartzeari buruzkoa. Beraz, martxoaren 1etik aurrera, txartel hori Euskotrenen erabili ahal izango da, Bilbo-Ermua eta Bilbo-Bermeo lineatan.

   Bilbao Bizkaia Card txartela duen bidaiariak nahi beste bidaia egin ditzake txartelaren balio denboran zehar (aldia egun batekoa, bikoa edo hirukoa da). Gaur egun Metro Bilbaon, Bilboko tranbian, Bizkaibusen, Bilbobusen eta Artxandako funikularrean erabil daiteke; 2015ean, 11.596 bidaia egin ziren txartel horrekin, hau da, aurreko urtean baino hiru aldiz bidaia gehiago.

   Bestalde, BGPP-k erabaki du kontratu berri bi eskainiko dituela Urdulizko trenbide pasagunea lurperatzen jarraitzeko eta lurpean geltoki berria eraikitzen jarraitzeko. Urdulizko geltokiko seinaleen, altzarien eta bulego teknikoaren proiektua onartu da, 528.077,71 euroko aurrekontuarekin hasieran, eta lau hilabeteko burutzapen epearekin.

   Era berean, obra horren gainegitura lanen barruan, Urdulizko geltokiko txartelak saltzeko eta balidatzeko sistemaren instalazioentzako lehiaketa atera du BGP-k, 156.453,05 eurotan eta fabrikatzeko eta instalatzeko bost hilabeteko epearekin.