Mugikortasunaren Kazetaritzako V. Sariak 3.000na euro emango ditu bere hiru kategorietan

Actualizado: martes, 5 abril 2011 13:55

BILBO, 5 Abr. (EUROPA PRESS) -

Bilboko Udalak eta Real Automóvil Club Vasco-Navarrok (RACVN) Mugikortasunaren Kazetaritzako Sariaren bosgarren edizioa jarri dute abian. Sariaren antolatzaileek komunikabideen zeregina eskertu nahi dute herritarrekin dituzten harremanengatik, eta beren arazoak eta konponbideak hobe tratatzen dituzten kazetariak sarituko dituzte.

Horrela, 3.000 euroko saria izango da kategoria bakoitzeko irabazlearentzat: prentsa idatzia, irratia eta telebista. Kazetaritzako lanen gai nagusia "mugikortasuna" izango da, bereziki horrek herritarrekin duen lotura. Horrela, gai horrekin zerikusia duen edozein alderdi jorratu ahal izango da: garraioa, bide-segurtasuna, trafikoa hirietan, arazoak eta konponbideak eta abar.

Lehiaketara aurkeztutako lanak Euskal Autonomia Erkidegoan (EAE) 2010eko urriaren 1etik 2011ko irailaren 30era bitartean argitaratutakoak izango dira. Lanak euskaraz edo gaztelaniaz egin ahal izango dira, eta aurkezteko epea 2011ko urriaren 15ean amaituko da, egun hori barne.

Epaimahaian egongo dira saria sustatzen duten erakundeetako ordezkariak eta mugikortasunaren alorreko adituak. Epaimahaiak ondorengoak baloratuko ditu bereziki: aukeratutako gaiaren erabilgarritasuna eta interes orokorra, kazetaritza-kalitatea, egiazkotasuna eta tratamenduaren sakontasuna.

Sariaren lehenengo edizioan irabazle izan ziren Naiara Baza, idatzizko prentsan, "La misma ciudad, otra ciudad" erreportajearekin, 'Bilbao' aldizkarian argitaratua; irratiko atalean Sergio Tejero eta "La difícil convivencia entre el peatón, el conductor y el ciclista", Gasteizko Punto Radio-n igorrita; eta telebistan, Telebilbao-ko informaziozko zerbitzuak, Irene Diazen zuzendaritzapean, "Ciudadanos por la Movilidad" erreportajeagatik.