Mundu osoko 20.000 bisitari baino gehiago erakartzen ditu urtero surfak Euskadira

Sei milioi euro baino gehiago ekarpena egiten dio BPGri eta 600 lagun baino gehiagori ematen die lana

Europa Press País Vasco
Actualizado: viernes, 3 septiembre 2010 14:13

DONOSTIA, 3 Sep. (EUROPA PRESS) -

Surfak mundu osoko 20.000 bisitari baino gehiago erakartzen ditu urtero Euskal Autonomia Erkidegora (EAE). Gainera, sei milioi euro baino gehiagoko ekarpena egiten dio Euskadiren BPGari eta 600 lagun baino gehiagori ematen die enplegua.

Eusko Jaurlaritzako Merkataritza eta Turismoko sailburuorde Pilar Zorrillak eman ditu gaur datuok, Basquetour Turismoaren Euskal Agentziaren bidez abiarazitako "Surfing Euskadi" produktu berriaren aurkezpenean Zarautzen (Gipuzkoa). San Miguel Pro Zarautz txapelketarekin batera egin da aurkezpena.

Zorrilla eta Basquetour agentziaren zuzendari Ana Izagirrek Euskadiko surfaren produktu turistikoa definitzeko landuriko azterlanaren eta haren ondorengo garapenaren ondorio nagusiak jakinarazi dituzte. Azterlan horren bidez, Euskadiko merkatu turistikoaren erronka eta eskari berriei erantzuna eman nahi zaie, aisiarekin, kirolarekin eta naturarekin loturiko produktuetarako, turisten joera eta premia berriekin bat datozenetarako.

Euskadik surfaren inguruko produktu turistiko bat garatzeko duen potentziala "oso handia" da, eta euskal kostaldeko olatuen kalitateari eta Euskadiko helmuga turistiko batzuetan kirol-modalitate horrek duen arrakastari zor zaio hori batez ere. Barietate eta kalitate handiko 38 surf-hondartzako eskaintza dago 250 kilometroko kostaldean, eta ia urte osoan dago olatuez gozatzeko aukera. Kirol horrek mundu osoko 20.000 bisitari baino gehiago erakartzen ditu euskal hondartzetara eta 600 lagun baino gehiagori ematen die enplegua. Gainera, sei milioi eurotik gorako ekarpena egiten dio horrek BPGari.

300 agentek baino gehiagok lankidetza aktiboa izan dute proiektu horretan; %40 sektore horretako enpresak dira, beste %40k ostalaritza, alojamenduak eta zerbitzuak biltzen ditu, %15 administrazio publikoetako kideak dira eta gainerako %5a kirol-administrazioak (federazioak, elkarteak...) izan dira.

Euskadik gaur egun lehiakortasun-maila egokia du surfean espezializatu diren kostaldeko norakoetan, eta horien artean daude Sopela, Bakio, Mundaka, Zarautz eta Donostia. Surfaren helmuga estrategikoenak diren herri horiez gain, euskal kostaldeko udalerri guztiek ere aktiboki parte hartu dute produktuaren definizioan. Eusko Jaurlaritzak, produktu hori indartzeko egiten ari den lanaren bidez, munduko surf-helmuga garrantzitsuenetako bat bihurtu nahi du Euskadi.

HELBURUAK

Horrenbestez, Eusko Jaurlaritzako Industria, Berrikuntza, Merkataritza eta Turismo Sailak zenbait helburu zehaztu ditu Basquetour agentziaren bidez, hala nola surfaren praktikarako bokazio argia duen Euskadiren helmuga bereiztea, zerbitzu turistiko integratu batzuekin osatuta. Horrela, surfaren praktikan lider eta aitzindaritzat jotzen diren helmugen artean kokatu nahi da Euskadi.

Gainera, egungo surf-eskaintza egituratu nahi da Euskadin, eta kalitatezko produktu bat sortu, beste helmuga batzuen eskaintzatik bereizteko elementu gisa balioko duena. Halaber, administrazio publikoen eta Euskadiko surf-turismoaren enpresa-sektorearen arteko lankidetzarako eta inplikaziorako tresna izan nahi du.

Helburuak lortzeko aurreikusiriko jardueretako bat "Surfing Euskadi produktuko kluba" garatu eta abiaraztea da. Erakunde hori arduratuko da inplikaturiko agenteek (eskolak, klubak, surf-kanpamenduak, hartzaile-gidak, denda espezializatuak, alojamenduak, turismo aktiboko enpresak) gutxieneko eskakizun batzuk (kalitate-arloan) betetzen dituztela egiaztatzeaz produktuaren beraren zati izateko.

Contenido patrocinado