Munduko V. Jendeen Jaialdia Bilbon ospatuko da ekainean eta aurretik kartel eta film laburren lehiaketak antolatu ditu

Actualizado: miércoles, 11 mayo 2011 14:21

BILBO, 11 May. (EUROPA PRESS) -

Munduko Jendeen Jaialdiaren bosgarren edizioa Bilbon izango da, ekainaren 22tik 26ra bitartean, eta bere xedea da Bizkaian bizi diren 200 kultura baino gehiagoren topagune izatea berriro ere. Jaialdia 65 elkartek baino gehiagok antolatzen dute, Bizkaiko Foru Aldundiaren, Bilboko Udalaren eta Eusko Jaurlaritzaren babesarekin.

Jaialdia egin aurretik kartelaren diseinua aukeratzeko lehiaketa deitu da. Aurten, topaketaren batzarrak aukeratuta, "Mundu zabaleko emakumeak" goiburua da kartelaren gaia. Lan originalak maiatzaren 13a arte aurkeztu ahal dira Idazkaritza Teknikoaren bulegoetan (Ahislama elkartea, Lozoño kalea 29, beheko solairua, ezkerra, 48004 Bilbo). Sari bakarra emango da: 300 euro irabazlearentzat. Horrez gainera, irabazten duen kartela edizio honen irudia izango da.

Aldi berean, film laburren lehiaketa bat ere egingo da. Film horiek kamera digitalarekin edo sakeleko telefonoarekin grabatu behar dira. Filmen gaia kartelarena izango da: "Mundu zabaleko emakumeak". Lehiakide bakoitzak film bakarra aurkez dezake. Filmak Ahislama elkartearen egoitzan aurkeztu behar dira, maiatzaren 20a baino lehen (egun hori barne). Hiru sari emango dira: 300 euro lehengoarentzat, 200 bigarrenarentzat eta 100 hirugarrenarentzat.