Museoen eta ondare guneei buruzko biltzar bat hasi da Donostian

Actualizado: jueves, 23 octubre 2014 8:10

DONOSTIA, 23 Oct. (EUROPA PRESS) -

Euskal Herriko Unibertsitateko (EHU) Baloreen Filosofia eta Giza Antropologiaren Sailak antolatu duen "Museoak eta ondare-guneak: publikoak ezagutzen" biltzarraren hamargarren edizioa hasi da gaur, urriaren 23an, Filosofia eta Hezkuntza Zientzien Fakultatean, Donostian.

Irungo Oiasso Erromatar Museoaren, San Telmo Museoaren, Université Lumière Lyon unibertsitatearen, Bartzelonako Unibertsitatearen, Les Musèes de la Civilisation de Quebec museoaren eta Université Tolousse III unibertsitatearen laguntza duen topaketa ostiralean izango du jarraipena, San Telmo Museoan.

Bi egunetarako sarrera librea da, eta parte hartuko duten hizlarien artean Magdalena Mieri National Museum of American History museoko historia eta kultura latindarreko programaren zuzendaria nabarmentzen da, antolatzaileek adierazi dutenez.

Irekiera ekitaldian izan dira Ana Arrieta EHUko Gipuzkoako campuseko errektoreordea, Xabier Etxague EHUko Filosofia eta Hezkuntza Zientzien Fakultateko dekanoa, Garazi Lopez de Etxezarreta Gipuzkoako Foru Aldundiko Kultura zuzendaria, Susana Soto San Telmo Museoko zuzendaria eta Cristina Aguirre Irungo Oiasso Erromatar Museoko gerentea.

International Council Of Museums-ICOM erakundearen arabera, kultura ondasunak zabaltzea eta erakustea dira museoen eginkizun garrantzitsuenetakoak, bai eta ondasun horiek zaintzea eta ikertzea ere. Eginkizun horiek guztiak dagozkie baita ondare guneei eta eremuei ere.

Zeregin horien garrantzia aldatu egin da historian zehar. Aspaldian garrantzi handiena hartu duen eginkizuna komunikazioa izan da, erakusketaren bidez bereziki. Hori horrela gertatu da kultur politikagintzan "kulturaren demokratizazioa" eta "kultura demokrazia" ereduak ezarri direlako, eta honek guztiak ere erakusketa diseinua eraldatu egin du.

Bereziki, hurrengo galderei erantzungo die biltzarrak: nola azaldu kulturaniztasuna, mestizaje soziokulturala eta nortasun anitzak erakusketetan?; nola eragiten diete kulturaren espektakularizazioak eta kultura ondasunek erakusketa prozesuei?; zertan mugatzen dio zenbait museok eta ondare gunek erakunde publikoekiko duten menpekotasunak erakusketa baten antolakuntzari?; zer nolako elkarrekintzak ematen dira adituen, toki erkidegoen eta publikoen artean?; nola adierazi kultura ondasunek duten ezaugarri polisemikoa?; edo zer nolako eragina dute teknologia berriek eta internetek espografian?.