Museoen Sistema Nazionala arautuko duen dekretua argitaratu da

Museo Guggenheim
EUROPA PRESS
Actualizado: martes, 5 julio 2011 17:01

BILBO, 5 Jul. (EUROPA PRESS) -

Euskal Herriko Agintaritzaren Aldizkariak Museoen Legea garatuz Euskadiko Museo eta Bildumen Erregistroaren funtzionamendua arautzen duen dekretua argitaratu du gaur, uztailak 5, bertatik jakinarazi dutenaren arabera.

Erregistroa ezinbestekoa da Euskadiko Museoen Sistema Nazionala eta museoen sarea antolatu ahal izateko, baina arazo bat dago programak eta jarduerak batera abian jartzerako orduan, titularren ugaritasuna (aldundiak, udalak, fundazioak, elkarteak eta partikularrak), gehiago zehaztuz.

Museoen Legeak, Euskadiko Museoen Sistema Nazionala ezartzen du,beti ere administrazio bakoitzaren eskumenak errespetatuta, baina museo bakoitzaren sisteman integratzeko modua borondatezkoa eta adostasunean oinarritua izango dela aurreikusten du.

Haren helburua kalitateari buruzko politika eta eskakizun uniformeak ezartzea da, jarduerak koordinatu ahal izateko, instalazioen eta ekipamenduen hobekuntza bultzatzeko, eta funtsen kontserbazio, antolamendu, ikerketa eta erakusketa egokiak errazteko.

Euskadiko Museo eta Bildumen Erregistroak formatu telematikoa izango du, erregistro publiko eta administratiboa izango da, eta Euskadiko Museoen Legean aurreikusitako alderdi zientifiko eta teknikoen betetze-mailari buruzko informazioa emango du.

Alde horretatik, 'Euskadiko Museoa' edo 'Euskadiko Bilduma' izendapena lortzeko, kontzeptu aldetik museo edo bildumaren definizioari egokitzeaz gainera, Legeak ezartzen dituen giza baliabideak eta baliabide material eta antolamenduzkoak izan behar dituzte entitate horiek.

Azkenik, Eusko Jaurlaritzak aplikazio informatiko berezi bat jarriko du Euskadiko museo eta bilduma guztien eskura, beraien funtsak kudeatzeko eta katalogatzeko asmoz. Antonio Rivera Kulturako sailburuordeak azaldu duenez, aplikazio horrek, museo eta bildumen eguneroko kudeaketa-lanak errazteaz gainera, "Euskadiko museo-funts guztien katalogo kolektibo bat sortuko du, Internet bidez edozeinek kontsultatzeko modukoa".

Erregistroak, azken finean, herrialdeko museoen gaineko informazioa zehatza eskainiko du, eta horri esker museo eta bildumak arian-arian egokitu egingo dira gaur egungo museografiak eskatzen dituen baldintza teknikoetara, alegia, edukiak baino gehiago ekintzak balioesten dituen museografiara.