Musika, dantza, txotxongiloak eta bertsoak Barakaldon, Euskararen Eguna ospatzeko

Barakaldo Antzokian izango diren ikuskizuna aurkeztu dituzte
BARAKALDOKO UDALA
Actualizado: viernes, 24 noviembre 2017 14:06

BILBO, 24 (EUROPA PRESS)

Barakaldoko Udalak euskaraz gozatzeko eta bizitzeko jarduerez betetako eguna antolatu du Euskararen Nazioarteko Egunerako, abenduaren 3rako, eta musika, dantza, txotxongiloak eta bertsoak uztartuko dituzten bi ikuskizun eskainiko ditu Barakaldo Antzokian.

Lehenengo ikuskizuna, "Kontu Kantari 2, Mendian ibiltari", 13:00etan hasiko da, eta txikienek eta nagusiek txotxongiloez eta betiko abestiez gozatuko dute. Sarrera dohainik izango da, baina aldez aurretik gonbidapenak hartu beharko dira Barakaldoko Antzokiko leihatilan, arratsaldez.

"Poliki poliki bada ere, euskararen egoera aldatzeko aurrerapausoak egiten ari gara, baina askotan oso zaila da gure inguruan euskara entzutea eta euskaraz bizitzea. Horregatik, familia guztiak animatu nahi ditugu abenduaren 3ko ikuskizun horretan parte hartzera, kantatzera, barre egitera, hau da, euskaraz gozatzera", adierazi du Nerea Cantero Kultura, Hezkuntza, Euskara, Gazteria eta Droga-mendekotasunen Prebentzioko zinegotziak.

Canterorekin batera, Hala Dzipo musika eskolako David Nanclares eta Eider Zenarruzabeitia izan dira agerraldian. Izan ere, Euskararen Eguna ospatzeko antolatutako bigarren ikuskizunaren arduraduna Hala Dzipo da. "Xalbadorren mintzoa Sound System" izeneko ikuskizuna taularatuko du. Barakaldoko euskaltzaleek prestatu dute lana, hainbat arte diziplina uztartuz: musika, dantza, poesia, hiri kultura, bideo emanaldia, antzerkia. "Hori guztia, Euskal Herriko bertsolaririk estimatuena ardatz hartuta: Xalbador", gaineratu du Canterok.

Ikuskizun hau ere doan izango da, eta 20:00etan hasiko da, Barakaldo Antzokian. Eszenatokia adin eta arte estilo guztietako artistez beteko da, bertsolaritzari eskainitako omenaldi xume honetan indarrak batzeko. "Aritz Garcia artista barakaldoarrak ikuskizunerako egindako kartelari erreparatzen badiogu, euskararen aldeko topaketa sailaren bigarren liburukia dela ikus dezakegu. Badakigu ez dela azkena izango, oraindik gure kulturako pertsonaia ospetsuei buruz askoz ere liburuki gehiago dauzkagulako bete gabe" esan du zinegotziak, iaz abiarazi zen Euskararen Egunaren kanpainaren estetikari aipu eginez.