Musika Hamabostaldiaren 75. edizioan %90 bete da Kursaal jauregia

Concierto durante la Quincena Musical.
QUINCENA MUSICAL SAN SEBASTIÁN
Actualizado: lunes, 1 septiembre 2014 8:36

BILBAO, 1 Sep. (EUROPA PRESS) -

Abuztuaren 1etik 31ra Donostian ospatu den Musika Hamabostaldiaren 75. edizioan %90 bete da batez beste Kursaal jauregia eta sei emanalditan bete da guztiz, Gipuzkoako hiriburuko Udalak astelehenean jakinarazi duenez. Era berean, Hamabostaldiak 2015ean San Petersburgoko Orkestra Filarmonikoa hartuko duela ziurtatu du, Yuri Temirkanov maisuaren batutapean.

Kursaal Auditorioko proposamen arrakastatsuenen artean daude English Baroque Soloists eta Monteverdi Abesbatza (abuztuak 5), John Eliot Gardiner-en aginduetara aretoa "lepo bete zutenak", Udalak ziurtatu duenez, eta "La Bohème" operaren taularatzea (abuztuak 15 eta 17), bi saiotan sarrerak erabat agortu zituenak.

Victoria Eugenia Antzokiari dagokionez, publikoak oso bestelako bi proposamen topatu zituen berriz ere gune horretan. Jorge Luis Prats (abuztuak 3) pianistaren errezitaldia eta barrokoaren maisu Rene Jacobsen gidaritzapean Helsinki Baroque Orchestrak (abuztuak 6) eskaini zuen kontzertua.

Donostiako Udalak esan duenez, aurten ere egiaztatu da zikloek jende gehiago biltzen dutela urtetik urtera. "Antzinako Musika Zikloa adibide da, jarraitzaile fidelak baditu ere, urtez urte ikuslego berri mordoa biltzen doa", diote Udaletik. Era berean, azpimarratu dute Hamabostaldiaren edizio honetan Interprete Gazteen Zikloak eduki duen ikusle maila, eta Musikagileak Musika Garaikideko Zikloa plataforma ezin hobea dela sorkuntza berritzaileentzat ziurtatu dute. Organo Zikloari dagokionean, oso harrera ona jaso du aurten ere.

2015EKO AURRERAPENA

Hurrengo edizioari begira, jaialdiko antolatzaileek 76. Musika Hamabostaldiak San Petersburgoko Orkestra Filarmonikoa hartuko duela berriz ere jakinarzi dute, Yuri Temirkanov maisuaren batutapean.

Errusiako talderik zaharrenak eta zuzendari entzutetsu honek Musika Hamabostaldia bisitatu zuten azkenekoz 2012an, Kursaal Auditorioan arrakasta handiko bi emanaldi eskainiz. Bestalde, operarekin hitzordua Giuseppe Verdiren lan batek beteko luke.

Aurtengo Hamabostaldira begira, Schuberten Sinfonia Amaitugabea-rekin batera, La Bohème operak bete ditu 1939ko lehenengo edizioaren eta 75. edizioaren arteko zubi-lanak; Kursaal Antzoki Handi desagertuaren eta gaur egungo Kursaal Auditorioaren artekoak.

Halaber, hasierako edizioetan oso presente egon ziren bi genero nabarmendu ditu aurtengo edizioak, barrokoa (English Baroque Soloists eta Monteverdi Abesbatza, Helsinki Baroque Orchestra Rene Jacobsekin, besteen artean) eta balleta (Victor Ullate Ballet), jaialdiaren hastapenetako funtsa oroituz.

Era berean, Tugan Sokhiev eta Yannick Nezet-Seguin eskarmentu handiko zuzendariek eta Emanuel Ax pianistak eta Bryan Hymel tenorrak, besteen artean, eskaini dituzte kontzertuak aurten.