"Musika-Música" jaialdiaren hamargarren edizioak Mozarten omenezko 66 kontzertu eskainiko ditu Bilbon

Jaialdiaren kartela
BILBAO 700 FUNDAZIOA
Actualizado: lunes, 28 febrero 2011 14:34

BIILBO, 28 Feb. (EUROPA PRESS) -

Bilbao 700 Fundazioak antolatzen duen "Musika-Música" jaialdiak hamar urte betetzen ditu aurten eta Wolfgang Amadeus Mozart omenduko du 2011ko edizioan. Salzburgeko jenioaren obra ugaria Bilboko Euskalduna Jauregian martxoaren 4, 5 eta 6an egingo diren 66 kontzertuen protagonista osoa izango da. Bertan izen handiko nazioarteko musikari, orkestra eta taldeak jotzen arituko dira.

"Musika-Música" jaialdiaren hasierako helburuak bere hartan dirau, hau da, herritar guztien artean musika klasikoa zabaltzea eta beraiengana hurbiltzea. Ohikoa ez den formatu batekin pentsatutako jaialdia da. Musika klasikoa zuzenean gozatzeko aukera oraindik izan ez dutenentzat, jaialdiak ez galtzeko arrazoi garrantzitsuak dauzka: programazioaren kalitatea, daukan jai giroa, eta sarreretarako prezio egokiak (5 eta 9 euro artekoak). Gainera, melomanoen topagunea ere bada.

Bilboko jaialdia nazioarteko ekimen baten barruan dago eta horren abiapuntua Frantziako Nantes hiriko "La Follée Journée" izan da. Eredu arrakastatsu horri jarraituz beste hiri batzuk daude, hala nola Tokio, Rio de Janeiro eta Varsovia.

Aurtengo programaziorako, Bilbao 700 Fundazioak Mozart aukeratu du. Gainera, hamargarren urteurrenarekin batera, jaialdiaren historiarekin lotura bat ezarri da, izan ere, Mozart eta Haydn, ikaslea eta maisua, 2002. urteko "Musika-Música" jaialdiaren estreinaldirako hautatuak izan ziren.

2011ko "Musika-Música" jaialdiaren publikoak Salzburgeko jenioaren obraren barietate zabala berrikusten duen programazioaz gozatuko du: sinfoniak, obra kontzertantea, ganberako musika, errezitaldiak eta abar.

Jaialdiaren kontzertuak eskainiko diren Euskalduna Jauregiko aretoei Mozarten bizitzan eragin handia izandako pertsonen izenak ipini zaizkie: Haydn Auditoriuma, Da Ponte Aretoa eta Clementi Aretoa.

Jaialdiak disko-saltoki bat ere badauka, kontzertuak baino lehen eta horien ondoren zaletuen helmuga bihurtuz. Bertara joaten dira artista batzuk beren jarraitzaileak agurtzera eta diskoak sinatzera.

Halaber, aurten, jaialdiak edizio guztietan izandako musika-eskoletako ikasleen parte-hartze handiena edukiko du, 800 bat artista gaztek jaialdian parte hartu nahi izan baitute. EAEko artista gazteez gain, Errioxa, Kantabria, Asturias eta Gaztela eta Leongoak ere izango dira.

"Jaialdia magiaz beteko da musikari esperientziadunen eta kontserbatorio nahiz musika-eskoletako gazte promesen arteko eguneroko bizikidetzari esker", azaldu dute antolatzaileek.

Jaialdiko ikasleentzat esperientzia interesgarria da, musika eskoletan jendaurrean hartutako ezagutzak eta egindako ahalegina erakusteko aukera ematen duelako. Etorritakoen aurrean jo eta kontzertu profesionalak doan ikusteko aukera edukitzeko aukeraz gain, gazte horiek egunez egunekoa partekatzen dute musika munduko erreferentzia nagusiekin.