Musika, surfa eta naturaren babesa, Sopela Kosta Fest jaialdiaren ardatzak

Sopela Kosta Fest aurkeztu dute
Foto: SOPELAKO UDALA
Actualizado: martes, 5 mayo 2015 17:34

BILBO, 5 (EUROPA PRESS)

   Sopela Kosta Fest jaialdiak surf, natura eta musikaz beteko du udalerri bizkaitarra bigarren urtez jarraian uda amaieran. Iazko edizioko arrakastaren ostean, Sopelako Udala irailaren 23tik 27ra ospatuko den bigarren edizioa antolatzen hasi da jada, eta, iaz bezala, jarduera gehienak dohainik izango dira.

   Aurkezpenean azaldu dutenez, bi gune nagusi egongo dira: hondartza ingurua eta Udaletxe plazan jarriko den karpa. Programa guztiz itxita ez dagoen arren, Sopelako Udalak jarduera nagusiak zeintzuk izango diren zehaztu ditu jada.

   Horrela, musikari dagokionez, kontzertu nagusiak irailaren 25ean eta 26an izango dira, Udaletxe plazako karpan. Lehen egunean emakumeak igoko dira eszenatokira: Baskery talde suediarra, Tania de Sousa, Libe eta Las Gildas. Hurrengo egunean Kiko Veneno musikari ezaguna izango da Sopelan, The Uski's bizkaitarrekin batera. Horrez gain, gau horretan aurrerago
zehaztuko diren beste talde bi egongo dira. Igandean ere izango da zer entzun, Gibelurdiñek taldearekin.

   Naturaren babesari dagokionez, aurtengo jaialdiak ingurumenarekin lotutako jarduerak indartuko ditu. Berrikuntza nagusia domo geodesiko baten eraikuntza izango da, bioeraikuntza tailer baten bidez, Udaletxe plazako berdegunean (jaialdiaren ostean domoa kenduko da). Gainera, domoan bertan ingurumenarekin lotutako hainbat jarduera egongo dira: xaboi eta kosmetiko naturalen ikastaroa, txorientzako habiak sortzeko tailerra eta abar.

   Horrez gain, frackingaren kontrako aldarria ere presente egongo da jaialdian. Adibidez, haustura hidraulikoaren kontrako bertso saioa egongo da Fredi Paia, Ekaitz Larrazabal "Katxo" eta Jone Uriarekin.

   Surfa izango da Sopela Kosta Fest jaialdiak landuko duen hirugarren esparrua; surf taldeen arteko txapelketa, surf ikastaroak eta abar izango dira. Gainera, jaialdiaren baitan, surfarekin lotutako film laburren txapelketa bat egingo da. Lanek gehienezko 15 minutuko iraupena izan beharko dute, eta irabazleak irailaren 24an proiektatuko dira Udaletxe plazako karpan. Lehiaketa guztiz parte hartzailea da, eta, beraz, edozein pertsonak parte har dezake bertan, lanak nahiz eta guztiz "profesionalak" ez izan.

BESTE JARDUERAK

   Bestalde, Sopela Kost Fest jaialdiak berrikuntza ugari izango dituen arren, lehenengo edizioko hainbat jarduera aurten ere mantenduko dira, iazko arrakasta dela eta: doako surf ikastaroak eta parapente hegaldiak, itsas labarretara bisita gidatuak, hegaztiak behatzeko irteerak, naturarekin lotutako umeentzako tailerrak, antzezlanak eta abar.

   Gainera, jaialdiaren hasiera "harrigarria" izango da, batez ere herriko txikientzat, Pirritx, Porrotx eta Marimototsek "ikuskizun eder batekin" helduko baitira Urko kiroldegira: itsasoarekin eta Ternuara arrantzatzera joaten ziren euskal arrantzaleekin lotutako ikuskizun bat. Saio bikoitza eskainiko dute, eta ondoren kalejiran igoko dira Larrabasterratik Udaletxe plazaraino. Bertan, Sopelako umeei harrera egingo diete.

   Era berean, jaialdiaren amaiera ere "ikusgarria" izango da. Iaz bezala, suzko faroltxoak botako dira zerura jaialdia amaitzeko. Faroltxoak guztiz biodegradarriak dira, eta aurten gehiago botako dira, iazko eskaera handia aintzat hartuz: 300 beharrean 500 botako dira. Bildutako diru guztia Aimar del Pozo ume sopeloztarrak egin behar dituen ebakuntzak ordaintzen laguntzeko bideratuko da.

   Jaialdiaren helburua, iaz bezala, udalerrian turismoa sustatzea izango da, sopeloztarrei eta bisitariei kalitatezko kultura eskaintzen zaien bitartean. Horrez gain, tokiko komertzio eta tabernei ere onura ekartzea da beste helburuetako bat. Udalaz gain, herriko hainbat eragile eta enpresa parte hartzen ari da jaialdiaren antolakuntzan.