Musiversika Unibertsitate Musikaren I. Lehiaketa antolatu dute EHUn

Publicado: sábado, 16 junio 2018 13:38

GASTEIZ, 16 Jun. (EUROPA PRESS) -

EHUkulturak eta Euskal Herriko Unibertsitateko (EHU) Arabako campuseko Errektoreordetzak Musiversika Unibertsitate Musikaren I. Lehiaketa antolatu dute, EHUko gazte musikagile eta musikariak deskubritzeko eta bultzatzeko, unibertsitateko askotariko musikak duen erakargarritasun kulturala eta garrantzia indartu eta sustatzeko, eta unibertsitate komunitatearen jakin-min kulturalari bide emateko.

Lehiaketak bi fase izango ditu. Lehen fasean, banakako musika proiektuak edo taldekakoak aurkeztu ahal izango dira, betiere gutxienez taldekideetako bat EHUko komunitatearen parte bada (ikaslea, AZPkoa edo irakasle eta ikertzailea); ziurtagiriak aurkeztu beharko dira hori egiaztatzeko.

Edozein musika estilo edo joeratako proiektuak onartuko dira, inolako mugarik gabe, eta, parte hartzeko, talde edo bakarlariaren lanaren bereizgarri den grabazioren bat aurkeztuko da. Edozein formatu onartuko da: mp3 edo beste soinu formatu batzuk, YouTubeko kanalerako, Bandcampeko edota Soundcloudeko esteka.

Abestiak musika proiektuaren edo taldekideetakoren baten konposizioak izango dira, eta abestien eskubideak ez dira egongo ezein diskoetxeren esku edo abestiak zabaltzeko, grabatzeko eta editatzeko eragozpenak edo betebehar ekonomikoak ezartzen dituen beste edozein erakunderen esku. Jaialdian parte hartzeko, gutxienez lau abesti propioz osatutako errepertorioa izan behar dute musika proiektuek.

Abestiak musiversika@gmail.com helbide elektronikora bidali behar dira ekainaren 25era arte, eta gaian musika proiektuaren izena adierazi behar da (artista edo taldea), baita mezuaren zenbakia ere (bidali diren hurrenkeran), baldin eta bat baino gehiago bidaltzen badira.

Lau musika proiektu hautatuko dira bigarren fasera igarotzeko, eta proiektu horiek lehiaketa-kontzertu batean parte hartuko dute abestiak zuzenean joz, irailaren 27an, Gasteizko Unibertsitate Pabiloian. Gainera, aurkeztutako proiektuen artean, Extremadurako Unibertsitatean egingo den G-9 Taldearen Unibertsitate arteko V. Musika Lehiaketan EHU ordezkatuko duena aukeratuko da.