Mutiko bat atxilotu dute Aulestin, Ertzaintzaren kontrol batean ez gelditzeagatik eta ausarkeriaz gidatzeagatik

Actualizado: miércoles, 23 abril 2014 17:30

BILBO, 23 Abr. (EUROPA PRESS) -

Ertzaintzaren agenteek 18 urteko mutiko bat atxilotu zuten astearte arratsaldean Aulestin (Bizkai), bide segurtasunaren aurkako delitu bat leporatuta, Ertzaintzak Markina-Xemeinen jarritako dokumentazio kontrolean ez zelako gelditu eta Aulestiraino abiadura handian ausarkeriaz gidatu zuelako. Gainera, atxilotuak ez zuen gidabaimenik, ibilgailuak ez zuen nahitaezko asegururik eta IAT ere eguneratu gabe zuen.

Eusko Jaurlaritzako Segurtasun Sailaren arabera, astearte arratsaldeko 16:30ean hasi ziren gertaerak BI-633 errepideko Markina-Xemeingo zatian, non Ertzaintzaren hainbat patruilak dokumentazio kontrol bat ezarrita zuten. Ordu horretan, Audi A-4 automobil baten gidariari gelditzeko eskatu zioten ertzainek; ibilgailuak, ordea, ez zien kasurik egin gelditzeko eskatzen zioten argidun zein soinudun seinaleei, eta abiadura handitu eta kontrola zeharkatu zuen, ihes eginez.

Ihesean ibilgailu asko aurreratu zituen, 17 guztira, errepideko lerro etengabea gaindituta, eta hamar ibilgailu inguruk galtzadatik irten behar izan zuten ihesi zihoan ibilgailuarekin aurrez aurre talka ez egiteko. Egiaztatu ahal izan zenez, aipatutako ibilgailua 150 km/h baino gehiagoko abiadurara iritsi zen tarte batzuetan 80 km/h-ko gehieneko muga duen errepide batean. Ausarkeriaz gidatuta, bidearen gainerako erabiltzaileak arriskuan jarri zituen.

Handik gutxira, automobilak aipatutako errepidea utzi eta Aulestirantz jo zuen BI-3347 errepidetik; inguruan zebiltzan herritarrek ihesi joandako automobilak hartutako bidearen berri eman zieten patruilei. Azkenik, ertzainek Aulestin atzematea lortu zuten, eta gidaria zen bidaiari bakarra atxilotu zuten.

Ertzainek gauzatutako eginbideetan egiaztatu zuten gidariak -18 urteko gizonezkoa- ez zuela gidabaimenik eta automobilak ere ez zuela nahitaezko asegururik. Halaber, ibilgailuen azterketa teknikoa ere eguneratu gabe zuen. Gizonezkoa atxilotu zuten bide segurtasunaren eta zirkulazioaren aurkako delitu bat egotzita, ageriko ausarkeriaz gidatzeagatik pertsonen bizitza edo osotasuna arriskuan jarrita.