Mutil bat atxilotu dute Gasteizen dendari bat jo eta poltsa lapurtzeagatik

Actualizado: miércoles, 16 febrero 2011 18:52

GASTEIZ, 16 Feb. (EUROPA PRESS) -

Ertzaintzaren agenteek 18 urteko mutil bat atxilotu zuten atzo gauean Gasteizen indarkeriaz egindako lapurreta delitu bat egotzita. Dirudienez, susmagarria dendari batengana gerturatu zen saltokia ixten ari zenean, eta jo eta zeraman poltsa lapurtu zion, Eusko Jaurlaritzako Herrizaingo Sailak jakinarazi duenez.

Atzo gaueko 23:15 aldera, Ertzaintzak abisu bat jaso zuen, lagun batek Nafarroako Erregeak kaleko denda bateko saltzailea jo eta lapurtu egin ziola jakinaraziz. Deia egin zuen pertsonak ustezko lapurra norantz joan zen ere adierazi zien ertzainei.

Ertzaintzaren zenbait patruila joan ziren lapurretaren tokira eta ingurura. Horrela, ertzain batzuk saltzailea artatzen zuten bitartean, beste batzuk lapurraren atzetik joan ziren oinez, lekuko batzuek nondik joan zen esan ondoren. Azkenean, Gasteizko Koadrilla kalean harrapatu zuten. Gainera, dendariari osturiko poltsa ere berreskuratu zuten, bere atzetik zihoazenean lapurrak auto baten azpira botatzen zuela ikusi baitzuten.

Lapurretaren zenbait lekuko ustezko lapurra ezagutu ondoren, agenteek identifikatu eta atxilotu egin zuten, indarkeriaz egindako lapurreta delitu bat egotzita. Bestalde, biktima ospitale batera eraman behar izan zuten lesioak artatzeko.