Nafarroa eta EAE elkarlanean ariko dira segurtasun publikoan

Bi sailburuak hitzarmena sinatzen
EUSKO JAURLARITZA
Actualizado: viernes, 29 julio 2016 14:31

BILBO, 29 (EUROPA PRESS)

Maria Jose Beaumont Nafarroako Gobernuko Lehendakaritzako, Funtzio Publikoko, Barneko eta Justiziako sailburuak eta Estefania Beltran de Heredia Eusko Jaurlaritzako Segurtasun sailburuak segurtasun publikoaren arloko prestakuntzarako bi erkidegoen arteko lankidetza hitzarmena sinatu dute ostiral honetan Iruñean. Hitzarmenaren bidez, elkarlanean jardungo dute Nafarroako Segurtasun eta Larrialdi Eskolak eta Polizia eta Larrialdietako Euskal Akademiak.

Bi gobernuek segurtasunaren arloan sinatzen duten bigarren lankidetza akordioa da. Aurrekoa joan den ekainaren 30ekoa da, eta bertan larrialdietako, babes zibileko, trafikoko eta bide segurtasuneko arretaren eta koordinazioaren arloko eta poliziaren arloko elkarlanerako oinarriak finkatu ziren.

Nafarroako Segurtasun eta Larrialdi Eskolaren eta Polizia eta Larrialdietako Euskal Akademiaren helburua da herritarren segurtasuna ziurtatzeko zerbitzu publikoetan lan egiten edo parte hartzen duten pertsonen prestakuntza. Hori dela eta, segurtasun publikoan esku hartzen duten kolektiboen prestakuntzaren arloko esperientziak, planak, programak eta informazioak trukatzeko interesa dute. Izan ere, prestakuntza zentroen elkarlanaren eta koordinazioaren bitartez, ahaleginak batuko dira helburu komunak lortzeko bidean. Halaber, elkarri aitortu ahal izango dizkiote egindako jarduerak.

Lankidetza hitzarmenaren ondorioetarako, segurtasun publikoko langileak dira Nafarroako Foru Polizian, Ertzaintzan, udaltzaingoetan, suteak itzaltzeko zerbitzuetan, salbamendu zerbitzuetan edo babes zibileko zerbitzuetan lan egiten duten pertsonak edo, dagokien hautespen prozeduraren barruan, lan egiteko aukera duten pertsonak, baita segurtasun publikoko sistemetan parte hartzen duten beste langile batzuk ere.

IKASTAROAK

Nafarroako Segurtasun eta Larrialdi Eskolak eta Polizia eta Larrialdietako Euskal Akademiak elkarlanean jardun ahal izango dute ikasketa planen diseinuan zein egiten dituzten ikastaroen programetan. Gainera, elkarri jakinaraziko diote haien prestakuntza jardueren urteko plana, betiere bi erakundeek haien funtzioetan efizientzia handiagoa izan dezaten, baita giza baliabideen eta baliabide teknikoen eta materialen arloko ekonomian ere.

Sinatutako protokoloaren indarrez, bi zentroek beste erakundeak programatzen dituen ikastaroak txertatu ahal izango dituzte haien Prestakuntza Jardueren Urteko Planean. Horrez gain, bi segurtasun publikoko sistemetan barnean hartzen diren langileentzako ikastaroetan plaza kopuru jakin bat erreserbatzea eskatu ahal izango dute, dauden baliabideak eta bitartekoak optimizatzearren. Era berean, sarrerako, sustapeneko, espezializazioko edo eguneratzeko ikastaroetan prestakuntza moduluak partekatzeko aukera izango da, denborak eta bitartekoak optimizatzera begira.

Bestalde, bi erakundeek elkarri lagunduko diote, eskura dituzten irakasleekin, ikastaroak, jardunaldiak, mintegiak eta edonolako irakaskuntza jarduerak egiten, eta elkarri aitortuko dizkiote garatzen dituzten prestakuntza jarduerak, baliozkotze osoen edo partzialen bidez.

Nafarroako Segurtasun eta Larrialdi Eskolak zein Polizia eta Larrialdietako Euskal Akademiak baimena emango diete bi administrazioetako segurtasun publikoko langileei haien liburutegietan, dokumentazio zentroetan eta antzeko zerbitzuetan sartzeko, betiere bertako langileen baldintza beretan.