NanoGUNE zentroak Maria de Maeztu bikaintasun zientifikoaren saria jaso du

NanoGUNE zentroa, Donostian
NANOGUNE
Actualizado: viernes, 7 abril 2017 13:03

DONOSTIA, 7 (EUROPA PRESS)

Donostiako NanoGUNE ikerketa zentro kooperatiboak Espainiako Ikerketa Agentziaren Maria de Maeztu bikaintasun zientifikoaren saria jaso du. Estatuko agentziak Severo Ochoa eta Maria de Maeztu sariak ematen dizkie nazioartean eragina eta garrantzia duten emaitzengatik nabarmentzen diren ikerketa zentro eta unitateei, eta aurtengo deialdian banatu dituen sei Maria de Maeztu ziurtagirietatik bat NanoGUNErentzat izan da. Maria de Maeztu ziurtagiri berriek 500.000 euroko finantziazioa izango dute urtean, lau urtez.

Zentro donostiarretik jakinarazi dutenez, deialdi berriaren ondoren, dagoeneko 25 Severo Ochoa zentro eta 16 Maria de Maeztu unitate daude. Bikaintasun zientifikoari dagozkien hautaketa eta ebaluazio prozedurek eta irizpideek, eskakizun mailek eta baldintzek ez dute desberdintasunik ezartzen sari baten eta bestearen artean, zentroen eta unitateen emaitza zientifikoei eta programa estrategikoei ematen baitzaizkie sariak, nazioarteko 100 zientzialari entzutetsu baino gehiagoren ebaluazio zorrotzaren ondoren.

Hartara, ikerketaren bikaintasun maila eta kalitatea bermatzen dira, eta bataren eta bestearen arteko desberdintasunak gobernantza, egitura, eta kudeaketa eta antolaketa printzipioen arabera ezartzen dira soilik, baita zentro eta unitateei eskatzen zaien gutxieneko masa kritikoaren arabera ere.

Bikoitza da deialdiaren helburua: batetik, azken lau urteetan nazioartean eragina eta garrantzia duten emaitzengatik nabarmendu diren zentro eta unitaterik onenak aintzatestea eta egiaztatzea; bestetik, zentro eta unitateek lau urterako landu dituzten plan eta programa estrategikoen finantziazioa, horren bidez haien ahalmen zientifikoak finkatzeko eta nazioartean aitzindari izaten laguntzeko.

Donostiako NanoGUNE ikerketa zentro kooperatiboa nanozientziaren eta nanoteknologiaren alorrean bikaintasuneko ikerketa egiteko xedearekin sortu zen, Euskal Herriaren hazkunde ekonomikoa eta lehiakortasuna areagotzeko.