NanoGUNEk UNE 166002:2014 araua jarraitzen duen I+G+B arloko kudeaketa sistema egiaztatu du

Nanogune
NANOGUNE
Actualizado 2018/02/14 14:59:57 CET

DONOSTIA, 14 (EUROPA PRESS)

SGS ICS Iberica S.A. ikuskapen, egiaztapen, entsegu eta ziurtapen enpresak I+G+B arloa kudeatzeko sistemarengatik ematen duen ziurtagiria lortu du Donostiako nanoGUNE ikerketa zentro kooperatiboak. Agiriak egiaztatzen du zentro donostiarrak UNE 166002:2014 araua betetzen duen I+G+B kudeatzeko sistema duela.

Ikerketaren kudeaketa eta teknologiaren transferentzia bikain egiteagatik jaso du ziurtagiria nanoGUNEk. Gainera, zentroan ezarri den sistemak kudeaketaren kalitatea eta hobekuntza etengabea hartzen ditu ardatz gisa. Azken helburua Euskal Herria nanozientziaren ikerketaren abangoardian kokatzea da, zentroko arduradunek nabarmendu dutenez.

Sistemaren helburua da I+G+B jarduerekin erlazionatutako prozesu guztiak optimizatzea eta eraginkorrago bihurtzea. Horretarako, nanoGUNEk kudeaketa politika bat garatu du, baita zenbait prozesu eta jardunbide ere, zentroan garatzen diren ikerketa proiektuen kudeaketa eraginkorra bermatzeko.

Jose Maria Pitarke nanoGUNEko zuzendariak azpimarratu duenez, "ikerketa bikaina egiteko eta nanoteknologiaren garapenak eskaini ditzakeen aplikazioak eta aukerak etengabe bilatzeko konpromisoa hartu dugu, horrela Euskal Herriaren lehiakortasuna areagotuz eta gure interesdunen nahia asez".

Bere hitzetan, "gure interesdunen artean hauexek ditugu: gure langileak, tokiko industria, erakunde publikoak eta, oro har, herritarrak. Horretarako, jardunbide onenen bila ari gara etengabe eta kasuan kasuko eskakizunak betetzen ditugu, bereziki, UNE 166002:2014 arauaren ondoriozko eskakizunak, arau hori baita gure I+G+B kudeaketa-sistemaren oinarria".