Nanoteknologia, energia eta materialak, aztergai aste honetan Donostian

Actualizado: martes, 1 septiembre 2015 13:52

DONOSTIA, 1 (EUROPA PRESS)

   Donostia International Workshop on Energy, Materials, and Nanotechnology (DINEMN 2015) izeneko jardunaldiak hasi dira astelehen honetan, irailaren 1ean, Euskal Herriko Unibertsitateko (EHU) Eskola Politeknikoan, Donostian, eta, ostirala arte, nanoteknologian eta energiaren eta materialen inguruan edo nanomagnetismoaren eremuan gori-gorian dauden gaiak garatuko dira.

   Gai horien garrantzia "gero eta handiagoa" da sektore industrial estrategikoetan, hau da, energian, elektronikan, telekomunikazioetan, informatikan, automobilgintzan, hegazkingintzan edo biomedikuntzan, EHUko iturriek adierazi dutenez.

   Jardunaldiotan, besteak beste, Espainiako, Alemaniako, Eslovakiako, AEBetako, Errusiako edo Hego Koreako hainbat unibertsitate eta erakundetako ikerlari eta zientzialariak izango dira. Azpimarragarriak dira, besteak beste, Lluis Mañosa (Fisika Fakultatea, Bartzelonako Unibertsitatea), Robert D. Shull (National Institute of Standards and Technology, AEB) edota Hideki Hosoda (Precision and Intelligence Laboratory, Tokyo Institute of Technology, Japonia).

   DINEMN 2015 jardunaldiarekin etorkizunerako adituak prestatzea ere bilatzen da, eta horrela, doktoregaiak eta eremu horietako ikerlari gazteak izango dira bertan (parte hartzaileen artean %25 gutxi gorabehera ikasleak dira).