Nanozientziari buruzko bigarren dibulgazio komikia aurkeztu dute

Nanozientziari buruzko komikiak
NANOGUNE
Actualizado: martes, 23 enero 2018 13:56

DONOSTIA, 23 (EUROPA PRESS)

NanoGUNE eta Donostia International Physics Center (DIPC) nanozientzian eta materialen zientzian espezializatutako ikerketa zentroek "Nanokomik #2" dibulgazio komikia aurkeztu dute astearte honetan Komikigunean, Donostian. NanoKOMIK partaidetza proiektuaren emaitza da komikia, eta proiektuaren komikiak biltzen dituen erakusketa Komikigunean izango da ikusgai otsailaren 9a arte.

Aurkezpen ekitaldian izan dira nanoKOMIK proiektua antolatu duten zentroetako zuzendari Ricardo Díez Muiño (DIPC) eta Txema Pitarke (nanoGUNE), eta Jöse Sender eta Ruben Molina marrazkilariek, 2017ko erronkaren irabazleetako bi.

2016an proiektuak izan zuen arrakasta oinarri hartuta, nanoKOMIK erronkaren bigarren edizioa plazaratu zen 2017ko hasieran. 14 urtetik gorako 240 pertsonak baino gehiagok hartu dute parte sormen prozesu aske batean. Prozesuan, komiki superheroiak sortu dituzte, eta nanoteknologia erabiliz materiak lortzen dituen propietate harrigarriei esker nanobotereak eman dizkiete emakumezko zein gizonezko superheroiei.

Horretarako, komiki eta zientzia tailerrak egin dira Euskal Autonomia Erkidegoko (EAE) eta Bartzelonako zenbait eskolatan, Bartzelonako Unibertsitatearen lankidetzari esker. Hala, tailerrak antolatu dira Cosmocaixan eta Bartzelonako zenbait liburutegi publikotan, eta "Dayanne eta Murillo. Nanozientziaren indarra" erakusketa ibiltaria ikusgai izan da EAEko eta Kataluniako hainbat areto eta zientzia jardunaldi eta jaialditan. Erronkan, 70 lan aurkeztu ziren euskaraz, gaztelaniaz eta ingelesez.

HIRU ISTORIO

Erronkara aurkeztutako ideia onenetan oinarrituz eta helduen kategoriako erronkaren irabazleekin elkarlanean moldatu dira istorio berriak, "Munduaren domi(nano)zioa", "Sugarra" eta "Landare Artean" izenekoak. Istorio dibertigarri horietan zenbait pertsonaiaren gorabeherak kontatzen dira: politikari ustel bati ubikuotasunaren boterea ematen dion neuro-nano-zientzialariarena, lehertzeko zorian dagoen misio espazial bat salbatu duen bidaiari espazialarena eta landareen fotosintesi prozesua artifizialki erreproduzitzeko gai den nanohibrido bat sortzen buru-belarri diharduen zientzialariarena, hurrenez hurren.

Dibulgazio komikiek erronkara aurkeztutako ideiarik orijinalenak biltzen dituzte. Komikien berregite-lanean Aska, Ruben Molina eta Jöse Sender marrazkilariek eta proiektuaren koordinatzaile Amaia Arregik (DIPC) eta Itziar Oteguik (nanoGUNE) hartu dute parte. Obra osoa creative commons lizentziapean eskura daiteke, euskaraz, gaztelaniaz, frantsesez eta ingelesez, paperean zein formatu digitalean (www.nanokomik.com webgunean).

Bestalde, "nanoKOMIK" erakusketak 2016ko eta 2017ko edizioetako istorioak biltzen ditu, eta otsailaren 9a arte izango da ikusgai Donostiako Komikigunean, Koldo Mitxelena Kulturunean, astelehenetik ostiralera, 11:00etatik 13:00etara eta 17:30etik 19:30era. Proiektuaren bi edizioetan hartu du parte Komikiguneak, erronkaren epaimahaiko kide gisa bereziki.