"Narrazioak eta olerkiak 2014" liburua Euskaltzaindiaren webgunean dago

Actualizado: martes, 22 diciembre 2015 16:27

BILBO, 22 (EUROPA PRESS)

   Euskaltzaindiak "Narrazioak eta olerkiak 2014" liburua euskarri digitalean eskainiko du bere webgunean. Argitalpen digital hau BBK-Euskaltzaindia literatura atalaren barruan kokatu da, Azkue sariketak (Haur eta Gazteak) azpiatalean. Liburua osatzen duten narrazioak eta olerkiak banaka kontsulta daitezke.

   Atal horretan, sarituak izan diren haur eta gazteen idazlan guztiak zerrendatu dira, eta gainera, 1991tik aurrera saritutako narrazio eta olerki guztien bertsio digitala eskaintzen da, Akademiak jakinarazi duenez.

   Euskaltzaindiak eta Bilbao Bizkaia Kutxa Fundazioak urtero deitzen dute lehiaketa hau, eta urtero argitaratzen dute liburua. Euskal eskola umeak eta gazteak literaturara bultzatzeaz gainera, euren artean irakurketa indartzea da sarion helburua.

   2014ko Azkue sariak 2015eko martxoaren 18an eginiko ekitaldian banatu ziren, eta hauek izan ziren irabazleak: Maddi Aiestaran, Naia Aiestaran, Nerea Erdozain, Mikel Labaka, Ane Azpiazu, Leire Eizmendi, Oihane Gurrutxaga eta Johanna Ramirez. Arantxa Bastidak accesita eskuratu zuen.