Nazioartean loturak zituen heroina trafikatzaileen banda bat desegin eta bederatzi lagun atxilotu dituzte

Actualizado: miércoles, 17 septiembre 2014 13:09
av2" class="NormalTextoNoticia" itemprop="articleBody">

BILBO, 17 (EUROPA PRESS)

   Bilboko ertzain etxeko drogen kontrako taldeak eta Bilboko Udaltzaingoko drogen unitateak desegintzat jo dute orain arte Kantaurialde osoa eta Frantziako hego-mendebala heroinaz hornitzen zuen trafikatzaile banda handiena. Azken hiru egunetan bederatzi trafikatzaile atxilotzea, beste bi inputatzea eta 32 kilo heroina bahitzea talde honen kontra azken bi urteetan egin izandako beste bi eragiketaren ondoren etorri da. Haietan, bandaren banaketa sarea desegiteaz gain, 100 kilo heroina kendu zitzaizkion guztira.

   Eusko Jaurlaritzako Segurtasun Sailak jakinarazi duenez, "Zura" operaziorako bidea eman duten ikerketak urte hasieran abiarazi ziren. Orduan, Bilboko ertzain etxeko droga unitateko ertzain batzuek jakin zuten taldea -Bilbon ezarria- gai sorgorgarrien salerosketarekin lotutako jarduerak egiten zituela. Lehen ikerketetan ondorioztatu zen sarea heroina kopuru handia ari zela Euskadira sartzen.

   Haatik, ikerketen helburua, orduan, taldearen burua identifikatzea izan zen, aurreko bi aldietan ezinezkoa izan baitzen hura prozesatzea, inork ez baitzekien nor zen. Horregatik, hain zuzen, berrantolatu zuen taldea eta jarraitu zuen legez kanpoko jarduerak egiten, Ertzaintzaren bi operazioek eragin zioten kaltea gorabehera (ordura arte Euskadin inoiz bahitutako droga kantitate handiena bahitu zioten, izan ere).

   Segurtasun neurri zorrotzak hartzen ditu pertsona honek; ez du auto propiorik erabiltzen mugitzeko eta lankideek eramaten dute toki batetik bestera. Horrez gain, telefono mugikorren zenbakiak aldian behin aldatzen zituzten eta, ohiko arau gisa, eragiketa bakoitzaren ondoren. Oso pertsona iheskorra zen beraz; izan ere, ikerketaren hasieran Afrikara erretiratu zen bi hilabetez, ikertzen ari zitzaizkiolako susmoa hartu baitzuen, itxura.

ELKARLANEAN

   Ertzaintzako sorgorgarrien taldeko adituek bilera bat egin zuten orduan Bilboko Udaltzaingoko droga unitateko arduradunekin, horiek ere zenbait hilabete lehenago hasitako ikerketa paralelo bat abiatua baitzuten talde beraren inguruan. Bi polizien unitateetako arduradunak elkarlanean aritu dira uneoro; susmagarrien inguruko informazioa trukatu zuten eta taldea desantolatzeko eragiketa koordinatu bat diseinatu eta abiarazi zuten.

   Zantzuek Bilboko San Frantzisko kaleko afrikar produktuetako denda batera bideratu zuten ikerketa. Ustez taldeburua zena zen hango nagusia eta denda zen, antza, taldearen kuartel nagusia eta jardueraren mozorroa. Aldian behin ekartzen zuen droga Herbeheretatik. Hala identifikatu ahal izan zuten gaizkile taldearen burua.

   Une horretatik aurrera egiaztatu ahal izan zuten ikertzaileek pertsona hori Herbeheretara joan, hango droga banatzaileekin tratua egin eta bertatik bertara ixten zituela tratuak. Gero, mandatari bat edo bi Herbeheretara abiatu eta Bilbora ekartzen zuten heroina, Termibusen izan zen azken eragiketaren kasuan bezala. Kopurua bidalketa batetik bestera aldatu egiten zen, negozioaren beharren arabera eta taldeburuaren bezeroen eskaeren arabera.

   Hurrena salerosleei saltzen zieten droga sorgorgarria, kilo erdi eta kilo bitarteko alditan, eta horiek Kantaurialdeko eta Frantziako hegoaldeko herrietan barrena banatzen zuten. Eragiketa honetan halako zazpi banatzaile identifikatu dituzte. Gainerako droga San Frantzisko kaleko dendan bertan saltzen zieten salerosle txikiei, eta horiek banatzen zuten Bilbon.

   Joan den larunbatean burutu zen eragiketa, bandako bi kide Bilboko Termibus autobus geltokian atxilotuta. Ustez erakundearen mandatariak lirateke horiek, eta atxilotu zituzten unean autobusetik jaisten ari ziren, guztira 32 kilo heroina zuten hainbat maleta zekartzatela. Drogaren purutasuna ezin izan da zehatz neurtu, baina hiruzpalau aldiz aise nahas litekeela uste da.

   Ondorengo orduetan ertzainek eta udaltzainek bandako beste zazpi kide atxilotu eta hainbat miaketa egin zituzten San Frantzisko eta Irala auzoetako zenbait etxebizitza eta merkataritza lokaletan. Droga manipulatzeko tresnak eta hainbat dokumentu bahitu dizkiete atxilotutako lagunei. Bahitutako drogak lau milioi euroko balioa izan lezake merkatuan.

   Eragiketa itxitzat jo da dagoeneko, eta gaizkile banda desegintzat; haatik ez da baztertzen oraindik atxiloketa gehiago izatea, dokumentuak analizatzearen eta ikerketen ondorioz.