Nazioarteko 30 bat adituk egoera geopolitikoak industrian eta energian duen eragina aztertuko dute BECen

Gaur hasi da energia eta industriari buruzko mintegia BECen
ENERGIAREN EUSKAL ERAKUNDEA
Actualizado: jueves, 10 noviembre 2011 14:47

BILBO, 10 Nov. (EUROPA PRESS) -

Eusko Jaurlaritzako Industria, Berrikuntza, Merkataritza eta Turismo sailburu Bernabe Undak, Orkestra Lehiakortasunerako Euskal Institutuko presidente Ignacio Mª Echeberriak eta Espainiako Zientzia eta Berrikuntza Ministerioko idazkari nagusi Juan Tomas Hernanik energia eta industriari buruzko nazioarteko mintegia inauguratu dute gaur Barakaldoko (Bizkaia) BECn. Bi egunez, Ameriketako Estatu Batuetako (AEB) eta goraka ari diren India eta Txina bezalako herrialdeetako 30 bat adituk egoera geopolitiko berria eta energian eta industrian duen eragina aztertuko dituzte.

Energiaren Euskal Erakundeak (EEE) eta Orkestrak lankidetzan antolatutako mintegian, energiaren eta industriaren arteko harremana izango da aztergai nagusia gaur eta bihar. "Energia eta industria: berrikuntza eta garapen teknologikoa energia eszenatoki berrian" izenburupean antolatu den mintegian, AEBetako energia estrategia eta perspektibak entzutearekin batera, goraka ari diren Txina eta India bezalako herrialdeen iritzia ere jakiteko aukera izango da. Horrez gain, Europako eta Afrika iparraldeko herrialde batzuren ideiak eta proiektuak azalduko dira mintegian.

Nazioarteko foro horrek industriaren egungo egoera aztertu nahi du, zenbait eragile geopolitikoren ikuspegi edo iritzi trukearen bidez, industriaren jardueran funtsezko faktorea den energiari lotutako gaiak jorratuz. "Izan ere, munduko herrialde nagusien jarrera geopolitikoa, ekoizleak diren herrialdeen egoera eta gero eta energia gehiago eskatzen duten herrialdeen goranzko ekonomia ari dira aldatzen munduan energiaren egoera eta, hein handian, eragin nabarmena dute industriaren eta munduko ekonomiaren nondik norakoan", antolatzaileek adierazi dutenez.

Egoera soziopolitikoaren inguruko azterketaren ondoren, hitzaldien bigarren jardunaldian saio paraleloak izango dira, eta energia iturri berriztagarri batzuen energia ustiapen edo aprobetxamenduan emandako aurrerapausoak aztertuko dira saio horietan. Era berean, zerbitzu bera emateko energia kontsumoa murrizten duten eraginkortasun handiko teknologien aplikazioaz arituko dira.

Horrez gain, energia biltegiratu edo metatzeko teknologiak ere izango da hizpide saio horietan, garrantzi handiko gaia dena, energia berriztagarriak erabat garatzeko eta zabaltzeko; izan ere, energia metatzeak ahalbidetuko du energiaren eskuragarritasuna eta eskari handienen orduak aldi berean izatea.

Gai horiek guztiak jorratzeko eta ideiak eta ikuspuntuak zabaltzeko, mintegiaren lehen jardunaldian ospe handiko adituak izango dira, esate baterako, Hank Courtright, Electric Research Instituteko presidenteordea; Dan Dorner, Energiaren Nazioarteko Agentziako analista; Qin Haiyan, Chinese Wind Power Associationeko idazkari nagusia eta Sami Andoura, Research Fellow de Notre Europeko ordezkaria.

Horiekin batera, jardunaldien bigarren egunean, Jose Ignacio Hormaeche EEEko idazkari nagusiak 2020ko Euskadiko Energia Estrategiaren barruan dagoen Estrategia Energibasque -garapen teknologikoa eta industriala azaltzen dituena- eta Eusko Jaurlaritzaren 2015eko Zientzia, Teknologia eta Berrikuntza Plana aurkeztuko ditu. Horrez gain, George H. Yates AEBetako Heyco Energy enpresako presidenteak ere parte hartuko du.

Guztira, mintegian zehar, nazioartean ospe handia duten 30 aditu baino gehiago arituko dira hizlari eta moderatzaile zortzi saiotan banatuko diren 28 aurkezpenetan.

EUSKAL INDUSTRIA

Mintegiaren harira, Eusko Jaurlaritzak 2020ko Euskadiko Energia Estrategiaren nondik norakoa eta 2015eko Zientzia, Teknologia eta Berrikuntza Planaren ardatz nagusiak azalduko dizkie bertaratuei. Hain zuzen ere, estrategia eta plan horietan oinarrituta, kalitateko energia horniketa eta errentagarria bermatu ahal izango zaizkie euskal enpresa eta industriei eta, aldi berean, teknologia berrien bidez, "gure herrira ezagutza, balio erantsia eta aberastasuna ekartzeko aukera emango dute".

Horrela, eraginkortasun handiko teknologiak ezartzen euskal industriak egindako ahalegina nabarmenduko du, "lehiakortasun handiagoa izatea eta energiaren aprobetxamendu hobea edukitzea ahalbidetu duena". "Izan ere, eraginkortasun handiko teknologien sarrerak, esaterako, baterako sorkuntza, kontsumo handia duten ekoizpen prozesuetan neurri zuzentzaileak hartu izanak eta energia iturri garbiago eta lehiakorragoen erabilerak, gas naturala, kasu, hobekuntza nabarmena ekarri diote euskal industriari, energia kontsumoari dagokionez", azaldu dute.

Alde horretatik, aipatzekoa da euskal industriak hartutako erabaki eta neurriak energia aurrezteko. Hala, azken hamar urteetan, Euskadin izan den energiaren aurrezpenaren %70 industriari dagokio. Hain zuzen ere, aurreko energia estrategietan ezarri ziren helburuak gainditu eta %10 hobetu ditu aurreikuspenak. Orotara, aurrezpena 650.000 tep (tona petrolio baliokide) izan da, 2000. urtean izandako kontsumoaren aldean. Aurreztutako kantitate horren garrantziaz ohartzeko, 2010ean, bizitegi alorrean kontsumitutako energia guztiaren baliokidea dela aipatu behar da.