Nazioarteko 300dik gora zientzialarik animalien ongizatea eta portaera aztertuko dute gaurtik Gasteizen

Neikerreko ikertzaile bat zentroaren instalazioetan
Foto: NEIKER-TECNALIA
Actualizado: martes, 29 julio 2014 13:57
av2" class="NormalTextoNoticia" itemprop="articleBody">

GASTEIZ, 29 (EUROPA PRESS)

   Animalien portaerari eta ongizateari buruzko azterketan aurrera egitea izango da gaurtik larunbatera bitartean Gasteizko Europa jauregian egingo den Etologia Aplikatuaren Nazioarteko Elkartearen Biltzarraren (ISAE) 48. edizioaren helburu nagusia. Nazioarteko 300 aditu baino gehiago izango dira jardunaldietan, eta saioak 'Moving On' gai orokorrarekin garatuko dira.

   Eusko Jaurlaritzako Nekazaritza, Arrantza eta Elikadura Politikarako Sailburuordetzaren mende dagoen Neiker-Tecnalia erakunde publikoak eta Bartzelonako Unibertsitate Autonomoak antolatu dute biltzarra.

   ISAE animalien ongizatearen arloan diharduen nazioarteko sozietate zientifiko nagusia da, eta urteroko topaketa mugarri handienetakoa da mundu mailako egutegian animaliei tratu duina emateari dagokionez.

   'Moving On' kontzeptuaren asmoa da diziplina anitzeko foro bat eskaintzea, animalien portaerari eta ongizateari buruzko azken aurrerapenak aurkezteko, eta diziplina arteko ikuspegi, ideia eta tresna berriak planteatzeko. Premisa horrekin hasiko da sinposiuma gaur, uztailak 29, arratsaldeko 19:00etan. Eusko Jaurlaritzako Nekazaritza, Arrantza eta Elikadura Politikarako sailburuorde Bittor Orozek eta Gasteizko alkate Javier Marotok inauguratuko dute.

   Biltzarrean nazioarteko ospe handiko zientzialariek hitzaldiak emango dituzte osoko bilkuran, horien artean Daniel Berckmans, zehaztasunezko abeltzaintzari buruz hitz egingo duena, animalien ongizatea eta osasuna hobetzeko tresna gisa. Edward Codling eta Frank Tuyittens ikertzaileek, berriz, mugimenduaren analisi matematikorako eta portaera eta ongizatea aztertzeko metodologietarako ikuspegi berriak planteatuko dituzte, hurrenez hurren, eta Ikerbasqueko ikerlaria den Shira Knafok animalien neurobiologia eta kognizioa bezain gai zirraragarriak landuko ditu.

"ANIMAL MACHINES"

   Biltzarrean etxeko oilarraren ugalketarako estrategiak landuko ditu Tom Pizzarik, eta Marian Dawkins eta Mikel Mendlek, berriz, aurkezpen bana egingo dute animalien ongizatearen bilakaerari eta etorkizunean egin beharreko lanari buruz. Halaber, Ruth Harrisonen "Animal Machines" liburuaren argitalpenaren 50. urteurrena ospatzeko saio berezi bat egingo da, animalien ongizatearen arloan iragana eta geroa markatu baitzituen.

   Ahozko, poster bidezko eta workshop saioetan egingo diren saio orokorrez gain, 200 ikerketa lan baino gehiago aurkeztuko dira hainbat gairen inguruan, horien artean, gatibu dauden animalien mugimendua eta espazioaren erabilera, metodologia, sare sozialak eta modelizazioa, neurobiologia eta portaera, mina eta emozio positiboak, basa faunaren esperimentazioaren bioetika edo konpainiako animalien portaera arazoak.

   Antolatzaileen arabera, interes produktiboko espezieen, konpainiakoen edo gatibu dauden basoko animalien portaera eta ongizatea ikertzeak lagundu egiten du portaerazko arazoak nola eta zergatik agertu daitezkeen ulertzen, eta garapen normalerako beharrak zein diren ulertzen, eta horrek aukera ematen du baliabideak premia horietara egokitzeko. Gainera, portaera animalien ongizatearen egoera orokorraren adierazle ona da.

   Ondorioz, bizi diren ingurunea beren premia biologikoetara egokitzeak lagundu egiten du ongizate maila handiagoa lortzen eta produkzio sistema egoki, eraginkor eta iraunkorragoak garatzen, jendeak oro har eta kontsumitzaileak bereziki hobeto onartuko dituztenak.

   Neiker-Tecnalia Nekazaritza Ikerketa eta Garapenerako Euskal Erakundea Eusko Jaurlaritzako Nekazaritza, Arrantza eta Elikadura Politikarako Sailburuordetzaren mende dagoen irabazi asmorik gabeko sozietate publikoa da.

   Zentro teknologikoak I+Gko helburu hauek lortzeko konpromisoa dauka: nekazaritzako ekoizpen sistemen produktibitatea eta lehiakortasuna hobetzea, ustiapenetan kudeaketa teknologia berriak garatu eta aplikatzea, eta nekazaritzako elikagaien eraldaketa industriari, balio bereizgarria duten produktuei eta, oro har, kontsumitzaileei dagozkien kalitate baldintzak betetzea.