NBE Emakumeak erakundearen ordezkariei harrera egin die Urkulluk

Urkullu NBE Emakumeak erakundearen ordezkariekin
IREKIA
Actualizado: jueves, 2 marzo 2017 11:02

GASTEIZ, 2 (EUROPA PRESS)

Iñigo Urkullu Eusko Jaurlaritzako lehendakariak harrera egin die ostegun honetan Lehendakaritzan NBE Emakumeak erakundearen ordezkariei, hain zuzen, Alia El Yassir Europa eta Erdialdeko Asiarako zuzendariordeari eta Begoña Lasagabaster Emakumeen Politiken ataleko zuzendariari. Ana Otadui Bizkaiko Batzar Nagusietako presidentea eta Izaskun Landaida Emakundeko zuzendaria ere bileran egon dira.

Ondoren, NBEren emakumeen erakundearen ordezkariak Eusko Jaurlaritzako langileei zuzendutako barne bilera baten izan dira. Bilera horretan Garapen Iraunkorreko Helburuak (GIH)-2030 Agenda ezartzerakoan gizonen eta emakumeen berdintasunak duen garrantziaz aritu dira. Agenda hori nazioartekoa, unibertsala, integrala eta zatiezina da eta 2015eko irailean Nazio Batuen Erakundeak onartu zuen hurrengo 15 urteei begira (2015-2030).

Ekitaldian adierazi duten moduan, 2030 Agenda berriaren 17 helburuen artean, GIH 5 helburua dago, bereziki, genero berdintasunari eta emakumeen eta neskatoen ahalduntzeari buruzkoa. Gainera, beste helburuekin alderatzerakoan, helburu horren garrantzia azpimarratu da, berdintasuna zeharkako eta oinarrizko arlo bat baita helburuen guztietan, eta berdintasunak aurrera egin ahala beste helburuetan ere aurrera egingo baita.

Ekitaldia Eusko Jaurlaritzaren Kanpo Harremanetarako Zuzendaritzaren eta Emakunderen artean antolatu da, eta Leyre Madariaga Kanpo Harremanetarako zuzendariak eta Izaskun Landaida Emakundeko zuzendariak hasi dute.