"Neguko Bidaia" kontzertuen zikloa hasiko da bihar Getxon, Khantoria taldearekin

Actualizado: jueves, 20 enero 2011 10:07

BILBO, 20 Ene. (EUROPA PRESS) -

Getxoko (Bizkaia) Areeta auzoko Andres Isasi Udal Musika Eskolak "Neguko Bidaia" kontzertu-solasaldien hirugarren edizioa antolatu du. Pertsona baten gidaritzapean, ganbera musikatik ibilbidea egitea proposatzen duen ekimena da "Neguko Bidaia", eta bihartik otsailaren 18ra arteko ostiraletan ospatuko da, Getxoko Udaleko iturriek jakinarazi dutenez.

Aurreko edizioetan bezala, kontzertuen iraupena ordubetekoa izango da gutxi gorabehera; hasieran sarrera bat egingo da eta amaitutakoan solasalditxo bat. Gainera, publikoak parte hartu ahal izango du, errezitaldiari buruzko iritziekin eta galderekin.

Lehenengo kontzertua bihar izango da, Khantoria antzinako musikako taldearekin. Bere helburua obra barrokoak eskaintzea da eta Ander Barrojalbizek (bibolin barrokoa), Maider Lopezek (biola barrokoa) eta Virginia Gonzalok (klavezin eta organoa) osatzen dute.

Hilaren 28an Albokak 2.1 proiektua ezagutu ahal izango da, Ibon Koteronen eta Xabier Valleren (Kukuma) albokekin eta albokoteekin eta baita Ruben Isasiren (Kukuma, Amaiur) trikitixa, txirula, perkusioa eta programazioekin.

Otsailaren 4ean Bilboko Naroa Intxausti abeslariaren eta Getxoko Mario Lerena pianistaren txanda izango da. Otsailaren 11n Maracaiboko Ronner Urbina biolin-jotzailea eta Maria Alonso-Allende pianista entzun ahal izango dira, eta "Neguko Bidaia" zikloa amaitzeko, Gintonic laukoteak joko du otsailaren 18an. Kontzertuak Andres Isasi Musika Eskolako auditorioan izango dira, 19:15ean hasita, eta sarreraren prezioa lau eurokoa izango da. Iaz bost kontzertu izan ziren eta errezitaldi bakoitzera 250 bat lagun joan ziren.