Neikerrek elikadurako espezieak hobetzeko bioteknologiako sare iberoamerikar bat koordinatuko du

Kultibatzea laborategi batean
NEIKER-TECNALIA
Actualizado: martes, 7 marzo 2017 10:48

GASTEIZ, 7 (EUROPA PRESS)

Neiker-Tecnalia Nekazaritza Ikerketa eta Garapenerako Euskal Erakundeak "Interes sozioekonomikoko espezieak hobetzeko programak indartzeko bioteknologia" izeneko sarea koordinatuko du, Iberoamerikako Garapenerako Zientzia eta Teknologia (CYTED) Programaren baitan. Sarearen lehenengo bilera uztailaren 3tik 7ra egingo da, Gasteizen.

Sarean elkartu dira Latinoamerikako bederatzi herrialdetako 12 ikerketa zentrotako 79 ikertzaile (Costa Rica, Ekuador, Portugal, Guatemala, Kuba, Kolonbia, Brasil, Mexiko eta Espainia), sektore produktiboko hiru enpresarekin batera. Halaber, elikadurako espezie interesgarrien fitohobekuntzarako tresna kuantitatibo, fisiologiko eta molekularrak garatu eta aplikatzeko interesa duten profesionalak ere elkartuko dira.

Neiker erakundeak jakinarazi duenez, helburu nagusia da diziplina askoko espazio bat sortu eta finkatzea, ezagutza zientifikoa eta esperientziak elkartrukatzeko, Musa spp. eta Theobroma cacao hobekuntza programen produktibitatea handitzeko, termino kuantitatiboetan zein kualitatiboetan, tresna bioteknologiko berriak erabiliz, klima aldaketaren etorkizuneko jokalekuko hazkunde demografikoaren eta elikagai eskariaren erronkari aurre egiteko.

Hobekuntza hori gauzatzeko tresnak izango dira genomak esploratzea (Next Generation Sequencing), produktuak indartzea, patogeno nagusien diagnosi goiztiarreko metodoak garatzea, fenotipatze tresnak eta tresna fisiologikoak eta matabolomikoak erabiliz, eta estres biotiko eta abiotikoekiko erresistentziaren adierazle nagusiak lortzea.

ESPEZIEAK

Sareak elikadurako espezie interesgarriak hobetzeko lana bultzatuko du, horien artean banana, platanoa eta kakaoa. "Aldi berean lan egiteak eta nekazaritza sistema konbinatuen ezarpena planteatzeak sinergia bat eragin dezake emaitzak lortzeko eta aplikagarritasuna handitzeko, proposamena osatzen duten iberoamerikar herrialdeetan. Sarearen barruan ikertuko diren espezieek garrantzi nutrizional, sozial eta ekonomiko handiko fruituak ematen dituzte garapen bidean dauden herrialdeentzat", azaldu du.

Halaber, Neikerren arabera, ekoizpen enpresen eta elkarteen parte hartzeak emaitzen transferentzia ziurtatzen du, eta beharrizan errealak planteatzen dituzten proiektuak lantzea eragiten du.

Lanaren bitartekoak izango dira ikerketa, prestakuntza, hainbat arlotako diziplina askoko talde adituen arteko informazioaren trukea, heziketa eta sentsibilizazio soziala, eta ekintza horiek gaur egungo belaunaldien beharrak asetzeko garatuko dira, baina etorkizuneko belaunaldiak arriskuan jarri gabe.