Nekazaritza Politika Bateratuari buruzko jardunaldiak egingo dituzte aste honetan Bizkaiko Aldundiak eta Jaurlaritzak

Nekazaritza politika bateratua aztergai Bizkaian aste honetan
Foto: Europa Press

BILBO, 20 (EUROPA PRESS)

   Bizkaiko Foru Aldundiko Nekazaritza Sailak eta Eusko Jaurlaritzako Ekonomiaren Garapen eta Lehiakortasun Sailak 2014-2020 aldirako Nekazaritza Politika Bateratuak (NPB) Bizkaiko sektoreak jasoko dituen diru laguntzetan izango duen eraginaren inguruko informazio jardunaldiak antolatu dituzte aste honetan. Jardunaldiak asteartetik ostiralera egingo dira, Zornotzan, Karrantzan, Abadiñon (Matiena) eta Derion, eta bi erakunde antolatzaileetako teknikariek emango dituzte.

   Ordainketa bakarreko araubidea desagertu egingo da eta oinarrizko ordainketa deritzon beste batek ordezkatuko du eta, aldi berean, nekazari txikientzako beste araubide berezi bat jarriko da indarrean. Horiexek izango dira eraldaketaren berrikuntza nagusietako batzuk, Bizkaiko Foru Aldundiko iturriek azaldu dutenez.

   Ordainketa berriek ordainketa bakarraren filosofiari eusten diote eta eskubide batzuk ezarriko zaizkie nekazariei, gero nekazaritzako azaleren aitorpenean eta erabileran frogatu edo justifikatu beharko dituztenak, hain zuzen ere. Halere, aurreko erreformarekin alderatuz gero, eta laguntza horien ordainketa ekoizleen beraien eta gizartearen aurrean legeztatu nahian edo, ordainketok nekazaritzaren arloan benetako jarduera bat sorrarazten duten ustiategientzat izango dira. Gainera, 2015eko eskabide bakarrean 1.250 eurotik beherako ordainketaren zenbatekoa ezartzen zaien jasotzaile guztiak sartuko dira nekazari txikientzako araubide bereziaren barruan.

   Alde batetik, haragitarako behien azpisektorerako ume hazleen eskubideak eta esnetarako behiei ematen zitzaien esne kuota desagertu egiten dira, eta aurreko erreformetan eragina izan duen abeltzaintza azpisektore bakoitzerako (haragitarako behiak, gizentzeko behiak, esnetarako behiak, ardiak eta ahuntzak) laguntza bat ezarri da. Beste alde batetik, nekazari gazteen figura indartzeko laguntza osagarri batzuk sortu dira, bai eta klima eta ingurunerako nekazaritza jardunbide onuragarriak egitea sarituko dutenak ere.

   Egunotan, 2014ko kanpainan eskabide bakarra aurkeztu duten baserritarrak jardunaldietara joateko gonbidapenak jasotzen hasiko ziren. Halere, jardunaldiak gaian interesatutako guztientzat irekita daude.