New Yorkeko maratoian izango diren euskal kirolariek Basque Country kamiseta eraman ahal izango dute

Actualizado: lunes, 5 octubre 2015 13:50

BILBO, 5 (EUROPA PRESS)

   Azaroaren 1ean New Yorkeko maratoian parte hartuko duten euskal kirolariek Basque Country kamiseta eramateko aukera izango dute aurten ere, Eusko Jaurlaritzako Gazteria eta Kirol Zuzendaritzaren, Euskadiko Atletismo Federazioaren eta Euskadik AEBetan duen Ordezkaritzaren arteko lankidetzari esker.

   Jaurlaritzak jakinarazi duenez, kirol proban parte hartzeko izena emanda egon eta New Yorkeko kaleetan zehar soinean Euskadiren kamiseta dutela lasterka egin nahi duten atleta guztiak, hiri horretan urriaren 31ean izango den harrera ekitaldi batera joateko gonbidatuta daude.

   Ekitaldian, maratoian korrikalari izango diren beste euskal kirolari batzuk ezagutzeaz gain, Euskadiko Atletismo Federazioak propio maratoi honetarako aurten diseinatu duen kamiseta jasoko dute. Era berean, ikurriñak ere emango zaizkie, korrikalariek -hala nahi badute- lasterketan eraman ditzaten edo senitarteko nahiz lagunek ibilbidean zehar kirolariak anima ditzaten.

   Harrera ekitaldira joan nahi duten atletek euren datuak bidali beharko dituzte (izen abizenak, posta elektronikoa, telefonoa, bizilekua eta larrialdietarako harreman bidea) fvaeaf@euskalnet.net helbide elektronikora. Izena emateko azken eguna  urriaren 20a izango da.

   Ekimen hau Euskadin bizi diren kirolariei dago zuzendua, baita munduko edozein bazterretan bizi diren euskal diasporako kideei ere, baldin eta New Yorkeko maratoian korrika egiteko izena eman badute.