Niamh Parsons folk kantari irlandarra Bilboko BBK Aretoan izango da martxoaren 20an

Niamh Parsons eta Graham Dunne
PRODUCCIONES SERRANO
Actualizado: martes, 8 marzo 2011 18:04

BILBO, 8 Mar. (EUROPA PRESS) -

Niamh Parsons folk abeslari irlandarrak kontzertua eskainiko du martxoaren 20an Bilboko BBK Aretoan, 20:00etan hasita, Musiketan zikloaren baitan. Sarrerak salgai daude jada ohiko txarteldegietan, BBKren orotarako kutxazainetan, www.generaltickets.com/bbk webgunean eta 944 310 310 telefonoan, Producciones Serrano-k jakinarazi duenez.

Parsons Irlandako musikagintzako ahots bereizgarrienetakoa bihurtu da, bere ahotsa Dolores Keane, June Tabor edota Sandy Denny abeslari maitatuen ahotsekin alderatu baitute. Archie Fisher baladista eskoziarraren hitzetan, "bera bezalako interpreteak behin edo bitan baino ez dira sortzen belaunaldi bakoitzean".

Berari buruz esan da litekeena dela Irlandako kantaririk ospetsuena ez izatea, baina askok sentitzen dutela onena dela. 'Boston Herald' egunkariak "emozionalki oroitarazle" gisa deskribatu zuen eta ahotsa "kristala bezain argia" zuela esan zuen.

Niamh Parsonsen diskoak bildumarako pieza ezinbestekoak dira abestiak eta ahotsak maite dituztenentzat. Orain arte, estudioko sei disko eta zuzeneko bat grabatu ditu. Horrek guztiak frogatzen du garai honetako abeslaririk garrantzitsuenetakoa dela, Irlandako kantagintza tradizionalaren sua bizirik mantentzeko ardura izatearekin batera.

Azken hamar urteetan, Niamh Parsons Ennis taldeko gitarrista Graham Dunne-kin jotzen aritu da bikote moduan. Bien artean "lotura espiritual modukoa" dago, elkarrekin ari direnean kantuen esentziak aterarazten dituena. Graham Dunne oso ezaguna da gitarra-jotzaile laguntzaile gisa duen sentsibilitateagatik eta bakarlari gisa duen gaitasun grinatsuagatik.

Bere ibilbide osoan Niamh Parsonsek artista ugarirekin lan egin du eta Atlantikoko bi aldeetako folk jaialdi ospetsuenetan parte hartu du. Arcady musika tradizionaleko talde irlandarreko kidea izan zen; Shanachie Records-ek kontratatu zuen eta zigilu horrekin grabatu zuten "Many Happy Returns".

Bill Clinton AEBetako presidente ohiaren eta Bertie Ahern Irlandako lehen ministro ohiaren aurrean jo zuen Washingtonen, Grammy baten irabazle Paul Winterrekin elkarlanean aritu zen disko batean, bai eta bere New Yorkeko kontzertuetako batean jo ere, eta "A Prairie Home Companion" saioan jo zuen, Dublindik zuzenen eman zenean.

Niamh Parsonsen ibilbidea The Loose Connections taldearekin hasi zen, Belfasteko musikari nabarmenek osatutako taldea, horien artean Dee Moore konpositore eta baxu-jotzailea.